Espainiako Diputatuen Kongresuak gehiengo handiz onartu du Euzko Abertzaleak taldeak aurkeztu duen mozioa. Honen bidez, Gobernuari eskatzen zaio txandaketa prestakuntza eredua sustatzea eta “Autonomi Erkidego eta Unibertsitateekin lan egitea, unibertsitateetan hezkuntza eredu hori ezartzeko araudia hobetzeko xedez”. Euzko Abertzaleak taldeak txandaketa defendatu du “profesionalizaziorako bikaintasun bidea eta palanka eraginkorra delako gazteen enplegua berrabiatzeko”, eta ondorioz, pozik agertu da lortutako transakziozko akordioagatik, eta mozioa onartua izan delako.
•IMHko Txandakako Ingeniaritza eskola erreferentziatzat
Mozioa aurkezterakoan Elgoibarko Makina Erremintako Institutuko Txandaketa-Ingeniaritza Eskolaren eredua azaldu eta defendatu zuen Arantza Tapiak, Diputatuen Kongresuan EAJren Euzko Abertzaleak taldeko diputatuak, Jose Ignazio Wert Hezkuntza ministroari zuzendutako premiazko interpelazioan. IMHk duela hamasei urte sortu zuen eskola ereduaren ezaugarrien berri eman zuen Tapiak. “Zentro honetan garapen fasean dago Euskal Herriko Unibertsitate barruko sisteman integrazio eszenatoki berrirako bidea ematen duen egitasmoa, txandaketa ereduaren erreferentzia zentroa bilakatzea ahalbidetzeko” azaldu zuen diputatu jeltzaleak. “Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Txandaketa Ingeniaritza Eskolak erakutsi egiten ditu prestakuntza eredu honen bertute eta aldeko gauzak. Horiek horrela, EAJk eskatzen du Gobernuak egitasmo pilotutzat jotzea eta unibertsitateko irakaskuntza erreformatzeko planetako erreferentziatzat har dezala”, gaineratu zuen agerraldian.
•Ia 500 ikasle hamasei urtean
1994an martxan jarri zutenetik ia 500 ikaslek egin dute Txandakako Ingeniaritza IMHn eta arlo guztietako 273 enpresen babesa jaso du egitasmoak. Emaitzekin ere oso gustura daude arduradunak. Hala, ikastetxeak emandako datuen arabera, 2008a baino lehen ikasketak amaitu zituzten ikasleen %95ak lana topatu zuen ikasketak amaitu osteko lehen hiru hilabeteetan. 2008az geroztik, krisi garaian, alegia, %90era jaitsi da enplegagarritasun tasa. Hamar ikasletik zortzik prestakuntza egin duten enpresan bertan lortu dute lana.
- Informazio osoagoa: www.imh.es/txandakako-ingeniaritza
•IMHko eta Udaleko ordezkariak Madrilen
EAJ taldeak gonbidatuta Kongresuko eztabaida zuzenean jarraitzeko aukera izan zuten Xabier Ortuetak (AFMko zuzendaria), Joxean Egañak (IMHko Zuzendaria), Alfredo Etxeberriak (Elgoibarko alkatea) eta Ixaka Egurbidek (Txandakako Ingeniaritza Eskolaren Zuzendaria). Goiko argazkian, Josu Erkoreka eta Arantza Tapia EAJko parlamentariekin ageri dira, Espainiako Kongresuaren eraikinaren aurrealdean.
EAJ taldeak gonbidatuta Kongresuko eztabaida zuzenean jarraitzeko aukera izan zuten Xabier Ortuetak (AFMko zuzendaria), Joxean Egañak (IMHko Zuzendaria), Alfredo Etxeberriak (Elgoibarko alkatea) eta Ixaka Egurbidek (Txandakako Ingeniaritza Eskolaren Zuzendaria). Goiko argazkian, Josu Erkoreka eta Arantza Tapia EAJko parlamentariekin ageri dira, Espainiako Kongresuaren eraikinaren aurrealdean.