Datorren denboraldirako helburuen berri eman zuen CD Elgoibarko presidente berriak, Eduardo Arrietak, urteko batzar orokorrean. Klubeko jokalari guztiek jasoko dutela prestakuntza nabarmendu zuen Arrietak, ahaleginik handiena gaztetxoenekin egingo duten arren. Taldeetako entrenatzaileek koordinatzaile batek zehaztuko dituen lan ildoak jarraituko dituzte, eta kadete mailara arte prestakuntza izango da helburu nagusia. Hortik aurrera lehiakortasuna sustatzen hasiko dira.
Haundi 3. mailan mantentzea izango da beste helburuetako bat. Manu Ibarluzea zuzendaritzako kideak azaldutakoaren arabera, Igor Gordobil izango da datorren denboraldian ere Haundiko entrenatzailea, eta dozena bat jokalarik ere taldean jarraituko dutela jakinarazi zuen. Taldera etorriko diren jokalarien artean Andoni Gabilondo elgoibartarra nabarmendu behar da eta baita bigarren taldetik lehen taldera igoko den Unai Cabo ere. Izan ere, herriko jokalariei lekua egitea izango da zuzendaritza talde berriak jakitera eman duen asmoetako bat.
•11.338 euroko irabaziak
Ekonomiari dagokionean, Miguel Martin Molinsek gidatu duen zuzendaritzak amaitu den denboraldiko balantzea aurkeztu zuen bazkideen aurrean. Hala, 11.338 euroko irabaziak izan ditu CD Elgoibarrek aurtengo denboraldian, eta klubaren ondarea 167.479 eurokoa da. Joan den denboraldiko emaitza positiboa izan den arren, gastuak murrizteko ahalegina egingo dutela adierazi zuen presidente berriak.
Gastuen alorrean, soldatak (80.000 euro), hobariak (21.420 euro), autobusak (14.374 euro) eta jokalari eta entrenatzaileen kilometraje gastuak (20.129 euro) nabarmendu behar dira. 205.094 euro guztira. Sarreren atalean, berriz, Iban Zubiaurreren fitxaketa dela-eta Realak CD Elgoibarri ordaindu dizkion 85.333 euroak dira aipagarrienak. Horiez gain, bazkideen kuotetatik (34.520 euro), errifak saltzetik (34.775 euro) eta publizitatetik (20.607 euro) batu du dirua klubak, 216.432 euro orotara.
*Argazkia: Aitor Zabala.