Jaun andreok, hemen da ‘Rusini’ zirkua!

elgoibarren.net 2012ko eka. 22a, 08:37

 
Rusini antzezlana estreinatuko du Taupada antzerki taldeak gaur, Herriko Antzokian, 22:15etik aurrera. 34 urteko historian hogeigarren antzezlana du honako hau Taupadak. Hondoa jota dagoen zirko berezi bati buruzko tragikomedia da.



Elgoibarko aktoreak igo dira Herriko Antzokiko taula gainera.

Edurne Lasa zuzendariak jakinarazi duenez, tragikomedia bat da Rusini. J.L. Alonso de Santos dramaturgoak (La estanquera de Vallecas, Bajarse al Moro, Salvajes...) idatzitako obra da, eta Angel Ugarteburuk euskaratu du. Hondoa jota dagoen zirko berezi bati buruzko obra da. Etsita daude zirkoan, baina taldera batu den pailazo batek itxaropena ekarriko du, eta zailtasun guztien gainetik, maitasun istorio erromantiko bat gailenduko da azkenean.
 Zuzendariak esandakoaren arabera, Rusini antzezlanari ez zaio alde komikorik falta, nahiz eta komizitate tristea eta batzuetan infantila izan. Giro mikatza eta sentimentalismo hunkigarria dira nagusi.

 Lau ekitaldi eta epilogoan Rusini zirkuaren azken egunak ikusiko ditugu, eta baita zirkua aurrera ateratzeko artistek egingo duten ahalegina. Bederatzi lagunek osatzen dute Taupada, eta denen artean emango diote bizia Rusini zirkoari.