King-Kong tabernak aurkeztutako 'Udaberriko Bakailaoak' irabazi du pintxo lehiaketa

elgoibarren.net 2012ko eka. 28a, 12:20

 
Bakailaoa, porrua, piper berdea, tipula eta gazta urdinaz egindako Udaberriko Bakailaoa izeneko pintxoak irabazi du IV. Pintxo Lehiaketako epaimahaiaren saria. Herritarrek, bestalde, 9.121 boto eman dituzte, eta Viento Sur gastrotekak jaso du puntuazio altuena. Hirugarren saria ez dute banatu, inork ez dituelako Elgoibarko baserrietako sasoiko produktuak soilik erabili pintxoa egiteko.

 
 

1706638201121 King-Kong tabernak aurkeztutako 'Udaberriko Bakailaoak' irabazi du pintxo lehiaketa

Aurten 21 tabernak hartu dute parte Elgoibarko Udalak antolatutako pintxo lehiaketan eta antolatzaileek, gaur eguerdian egin duten sari banaketa ekitaldian esandakoaren arabera, epaimahaiak “lan zaila” izan du irabazlea aukeratzerako orduan, pintxoak “maila handikoak” izan direlako eta “mota guztietako” pintxoak aurkeztu direlako.
 Epaimahaiaren saria King Kong tabernak irabazi du eta, honenbestez, Txarridunaren –lehen bi edizioetako irabazlearen- eta Gabi jatetxearen - iazko irabazlearen- lekukoa hartu du palmaresean. Aurten, Txarriduna geratu da bigarren postuan eta Pilonek aurkeztutako pintxoa hirugarrengoan. Herritarren Sarian, Ibai-Ondo eta Mahats geratu dira, hurrenez hurren, Viento Sur gastrotekak aurkeztutako pintxo irabazlearen atzetik.

Epaimahaiaren Saria jaso du King-Kong tabernako Manu Reyk alkatearen eskutik.

Carlos Lahoz (Viento Sur), Herritarren Saria jasotzen.

Balorazio positiboa
  Pintxo lehiaketaren balorazio oso positiboa egin du Udalak. Ostalaritza sektorea sustatzeaz gain, sektore horretan euskararen erabilera sustatzea ere bada lehiaketaren helburua, eta antolatzaileen ustez, bi helburu horiek bete dira, pintxo lehiaketak iazkoak baino arrakasta handiagoa izan duelako. Herritarren parte-hartzea ‘nabarmena’ izan da, eta batez beste, 650 pintxo inguru saldu ditu taberna bakoitzak. Hainbat tabernatan eguazten gauerako 600 pintxo salduta zituztela jakinarazi dute, lehiaketa amaitzeko bi egunen faltan, alegia. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei. “Izan ere, jakin badakigu oso zaila dela neurri honetako eskariari aurre egitea eta argazkian azaltzen den pintxoaren itxura eta zaporea mantentzea”, adierazi dute antolatzaileek.
Belaustegin menua
  Bukatzeko, botoa eman dutenen artean Belaustegi Jatetxean bi lagunentzako dastatzeko menua zozketatu dute eta Haritz Azpiazu izan da saritua.

∞Lotura duten albisteak: