Partaidetza handia espero dute Debabarrena BTT martxan

elgoibarren.net 2012ko eka. 28a, 15:08

 
Debabarrena BTT martxa egiteko hiru egun falta direnean –domekan egingo dute- aurreko urteetako partaide kopurua gainditzeko aukera handiak daudela jakinarazi dute antolatzaileek, Udal Kirol Patronatuko arduradunek. 150 lagunek eman dute izena dagoeneko eta guztira 400dik gora partaide izatea espero dute.

 


 Joan zen urteko kopurua, 300 parte hartzaile, gainditzeko moduan izango direla uste dute Debabarrena BTT martxako arduradunek domekan (uztailak 1). “Joan zen urteko martxan izugarrizko beroa egin zuen, 40 gradutik gorakoa, eta San Joan jaiekin bat egin zuen, gainera. Hortaz, aurten, 400 partaide baino gehiago izan ditzakegula espero dugu”. Alcala de Henaresetik, Zaragozatik, Errioxatik, Nafarroatik eta gertuko probintzietatik jendea etorriko dela azaldu dute antolatzaileek.

Plana borobiltzeko: bainua eta kontzertua
 45 eta 25 kilometroko bi ibilbide egongo dira aukeran, eta biak ere, Karakate inguruan egingo dituzte. Oraindik izena eman ez dutenek www.debabarrenaturismo.com helbidean egin dezakete, edo bestela, egunean bertan ere egongo da aukera. 9:00etan jarri dute hitzordua, Mintxetan. Horrez gain, spinning saioa egingo dute, 9:30ean. Nahi duenak Mintxetan bertan bazkaltzeko aukera izango du, eta, aurten ere, igerilekuetarako sarrerak oparituko dizkiete partaideei. Aurekoa gutxi ez, eta plana borobiltzeko zuzeneko kontzertua ere antolatu dute igerileku ondoko zelaian. Melissa & The Jacks taldeak eskainiko duen kontzertuak girotuko du arratsaldea 80. eta 90. hamarkadako musika eskainiko dute.