Garaiko II. Triatloia lehiatu zuten domekan eta San Pedroko txirrindulari igoeran garailearen txapela birritan jantzi izan duen Josu Uriarte markinarrak irabazi zuen proba. Gorka Bizkarra mañariarra bigarren sailkatu zen eta Iñigo Lazkanok osatu zuen podiuma.
Lasterketako zatirik handiena laino ilunen azpian egin zuten 50 parte-hartzaileek, eta Uriartek goitik behera agindu zuen triatloi osoan, baina, hala eta guztiz, iazko lehenengo aldia irabazi zuen Aimar Agirresarobek baino ordu laurden gehiago behar izan zuen (4:21:59) Ironman erdi bati dagozkion lanak burutzeko. Gorka Bizkarra mañariarra sailkatu zen bigarren minutu bi eskasera (4:39:08). Iñigo Lazkano hirugarren sailkatu zen: 4:41:43. Orbea taldeko txirrindulari ohiak azpimarratzeko moduko lasterketa osatu zuen. Baita laugarren postuan (4:46:35) helmugan sartu zen Ibon Gabilondo elgoibartarrak ere. Aurrekoez gain, Ibon Serranok ere hartu zuen parte proban eta 29. postuan sailkatu zen (5:37:39).
•Triatloi oso baten ezaugarri guztiak
Garaikoa triatloia "oso gogorra" den arren, triatloi oso batek izan behar dituen ezaugarri guztiak batzen dituela adierazi du Ibon Gabilondok. "Triatloien munduan marketing-a eta parafernalia nagusitzen ari den
garaiotan triatloi oso ederra, lagun girokoa, ondo antolatua,
merkea eta triatleta batek eskatzen duen aliziente eta atentzio guztiak
ditu", azaldu du Urgazi Triatloi taldeko kideak.
Igerian egin beharreko zatian gustora ibili zela esan du, "olaturik apenas zebilen eta parte hartzaile gehiegi ere ez ginenez, gustora egin nuen igerian". Bizikleta gainean egin beharreko zatia, aldiz, oso gogorra egin zitzaiola gaineratu du. "Aldats goraz josita zegoen ibilbidea, eta erritmoa aldatzera behartzen gintuen uneoro. Bustita ere bazegoen, eta ondorioz labankor eta arriskutsu. Zorionez, ihesaldi on bat hartu nuen Gernikara heldu
aurretik. Hori bai, uste dut hobe nuela kabra etxean laga izan banu, mesede baino kalte gehiago egin zidan-eta, apenas joan bainintzen bizikletara moldatuta". Korrika egin beharreko azken zatia inoiz ikusi duen
gogorrena izan zela aitortu du triatloietan aritua eta aditua den Gabilondok: "eskerrak bizikletako saioan guztiz hustu ez eta indar batzuk gorde nituela. Lehenengo bi itzuliak ondo egin nituen, baina hirugarren itzulia oso gogorra egin zitzaidan, ibilbideko gorabeherek eragindako nekea zangoetan pilatu zitzaidan-eta".
- Informazio osoagoa: anboto.org eta garaitt.com