Abel Hernandezek irabazi du Elgoibarko Tenis Txapelketa

elgoibarren.net 2012ko uzt. 3a, 14:55

Eguraldiagatik atzeratu eta gero, atzo jokatu zen 40+15 Tenis eta Padel taldeak antolatzen duen Tenis txapelketako finala. Bi orduko partida gogorraren ostean Abel Hernandez elgoibartarrak irabazi zuen Lur Ibargutxi eibartarraren aurkako partida.

 

 Lehen seta 6-3 irabazi zuen Abel Hernandezek. Bigarrengoan, ordea, Ibargutxi izan zen jaun eta jabe eta bi joko besterik ez zituen egin elgoibartarrak.

Abel Hernandez (esk.)

Hirugarren set erabakigarrian, hiru joko jarraian egin eta gero, markagailuan aurrea hartu zuen Ibargutxik. Hernandez ez zen, baina, urduri jarri eta patxadaz jokatzen jarraitu zuen. Honek ere hiru joko egin zituen jarraian eta markagailua hiruna berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera, jokalari bakoitzak bere sakeari eutsi zion seinako berdinketaraino. Une horretan Ibargutxiri sakea haustea lortu zuen tenislari elgoibartarrak eta gero, kostata izan bazen ere, bereari eustea. Azkenean, bada, 8-6 izan zen azken seteko emaitza Hernandezen alde.