Elgoibar-Elgoibar, 150 kilometro inguruko etapa izango da 2013ko Euskal Herriko txirrindulari itzuliari hasiera emango diona. Antolatzaileek lehen kilometroetatik lanean gogor jarri nahi dituzte txirrindulariak, zazpi mendate sartu dituzte-eta lehen etapa motz baina bihurrian. Honako mendateak igaro beharko dituzte: Kanpazar, Elgeta, Itziar, Endoia, Azurki, Kalbarioa eta San Migel gaina. Txirrindulariek gogoa badute lehiarako moduko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek eta Azurkiko aldapa pikoek jarriko dute gatza eta piperra.
Gainera, jai eguna izango da etapa jokatuko den eguna, apirilaren 1ean, Pazko Astelehenean egokitu baita. Samuel Sanchez (Euskaltel Euskadi) txirrindulari asturiarrak (ondoko argazkian) irabazi zuen iaz Euskal Herriko Itzulia.
2013tik 2016ra WorldTourreko parte izateko Euskal Herriko Itzuliaren baimena berritu duela jakinarazi du, oraintsu, UCIko Lizentzia Batzordeak. Honenbestez, antolatzaileek 2013ko itzuliaren nondik norako nagusiak aurreratu dituzte.
2013tik 2016ra WorldTourreko parte izateko Euskal Herriko Itzuliaren baimena berritu duela jakinarazi du, oraintsu, UCIko Lizentzia Batzordeak. Honenbestez, antolatzaileek 2013ko itzuliaren nondik norako nagusiak aurreratu dituzte.
Arestian aipatu bezala, 53. Euskal Herriko Itzulia Elgoibarren hasiko da, Elgoibar-Elgoibar etaparekin. Bigarren etapa ere Elgoibartik abiatuko da eta Gasteizen amaitu. Hirugarren etapa, berriz, Arabako hiriburuan hasi eta Trapagaranen (Bizkaia) amaituko da. Laugarren etapa izango da Arrate gainean amaituko dena eta bosgarren eta azken etapa, Eibarren hasiko dena, oraindik zehazteke dago non amaituko den. Antolatzaileek aurreratutakoaren arabera, Bizkaia eta Gipuzkoako herri banarekin ari dira etapa bukaera lotzeko negoziaketetan.
•Udalak ez du dirurik jarriko
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak jakinarazitakoaren arabera, Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileek proposatu zieten itzulia Elgoibarren hastea. “Guk ekonomikoki bideragarri zenean kolaboratuko genuen konpromisoa adierazi genien eta aukera hori egiaztatu denean, baiezkoa eman diogu 2013ko itzulia Elgoibarren hasteko proposamenari”, azaldu du. Era berean, Udalak ez duela dirurik jarri beharko argitu du. "Udalak bitartekari lanak soilik egingo ditu dirua jarriko duten babesle pribatu, lau bat enpresa, eta Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileen artean”.
*Argazkiak: Felix Morquecho eta EFE.