Lau hileko kartzela zigorra ezarri diote Elgoibarko bizilagun bati haur pornografia edukitzeagatik

elgoibarren.net 2012ko uzt. 3a, 18:58

Elgoibarko bizilagun bati haur pornografiako hainbat artxibo, bideoak batik bat, atzeman zizkioten bere etxebizitzan eta epaitua izan ostean lau hileko kartzela zigorra ezarri dio epaileak, Diario Vasco egunkariak, EFE berri agentziako iturriak aipatuz argitaratu duen berriaren arabera.


 Sententzian jasota dagoenez, auzipetuak Internetetik jaitsi zuen adingabeak ageri ziren material pornografikoa eta era horretako 120 artxibo inguru zituen gordeta disko gogor batean eta beste lau bideo disko konpaktu (CD) batean. Material hori guztia "norbere erabilpenerako" jaitsi eta gorde zuela azaldu zuen auzipetuak epailearen aurrean. Epailearen erabakiak azaltzen duenez, "ezin izan da egiaztatu" Elgoibarko bizilagun honi atzemandako haur pornografia materiala Internet bitartez konpartitua izan den, "adituek ezin izan baitzuten auzipetuaren ordenagailua aztertu, disko gogorra matxuratuta zuela-eta".
 Fiskaltzak eskatu zuen espetxe zigorrarekin ados azaldu zen auzipetua epaiketa egin zenean. Honenbestez, lau hileko kartzela zigorra ezarri diote orain, norbere erabilpenerako haur pornografia edukitzea eta adingabekoak galbideratzea egotzita.