Galletebeitia eta Ibarzabal txapeldun Plazatik Gaztetxera txapelketan

elgoibarren.net 2012ko uzt. 4a, 09:48

Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finala jokatu zen, joan den zapatuan, Eibarko gaztetxean. Bi bikoteren artean erabaki zen txapela. Epaileek Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia aukeratu zituzten buruz burukora pasatzeko eta publikoak, berriz, Eneko Beretxinaga soraluzearra eta Mikel Olaizola elgoibartarra. Azkenean, epaileek aukeratutako bikoteak jantzi zuen txapela. (kronika eta bideoak dauzka)


 Kanporaketak jokatu ostean, honako bikoteak ailegatu ziren Eibarren jokatu zen Plazatik Gaztetxera Sariketako finalera: Peru Vidal eta Imanol Uria, Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia, Eneko Beretxinaga eta Mikel Olaizola eta Maddi Sarasua eta Aimar Karrika.

  Bi zatitan jokatu zen finala. Lehendabizikoan 8ko handian eta txikian ofiziotan, puntu banari erantzunez, bukaera emanda bertso bana osatuz, kopletan binaka eta bakarkako gaiari bina bertso botaz aritu behar izan zuten bertsolariek. Maila ederreko saioa izan zen, umoretsua, eta saioak aurrera egin ahala gora egin zuena, alerik onenak hitza emanda eta bakarkako gaiari erantzunez bota baitzituzten bertsolariek. Behin lehenengo atal hau osatu ondoren, antolatzaileek paper batzuk banatu zituzten publikoaren artean gustuko bikotea hauta zezaten. Bitartean, beren puntuak batu zituzten. Azkenean, epaileek Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia aukeratu zituzten buruz burukora pasatzeko. Publikoak aukeratutako bikotea, berriz, Eneko Beretxinagak eta Mikel Olaizolak osatutakoa izan zen. Bi bikote hauen artean erabaki zen txapela.

 Buruz buruko ederra atera zen. Lehendabizi hamarreko txikian hasi ziren Xabat eta Eneko. Eibarko Gaztetxeak Udalari mahaiak eskatu zizkion saiorako, baina udalak, azkenean, emandako hitza bete ez zuela eta Soraluzeko Udalari eskatu behar izan zizkioten Gaztetxeko kideek. Gai horren inguruan aritu ziren biak bertsotan, eta saio dotorea osatu zuten.

 Ondoren kartzelako ariketa heldu zen: gai baten inguruan bi bertso bota behar izan zituzten Enekok eta Nereak. Gaia "morboa" izan zen, eta bi bertsolariek ederki erantzun zioten, bakoitzak bere bidetik.

  Azkenean, epaileek hala erabakita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabalen buruetara joan dira aurtengo Plazatik Gaztetxera Sariketako txapelak. (iturria: bertsoa.com)
BIDEOAK:
  • Bertsoa.com Bertso Plaza Digitalean ikus ditzakezue finaleko bideoak. Mikel Olaizolak bakarka egin zuen lana ikus dezakezue, esaterako, honako loturan.