Hasita daude Mendaroko Ikastolako patioa estaltzeko lanak

elgoibarren.net 2012ko uzt. 4a, 14:57

 
Altuna y Uria enpresarekin hitzartutako epeak betetzen badira, datorren ikasturte hasieran estalpe berria estreinatzeko moduan izango dira Mendaroko ikastolako ikasleak. Joan den astelehenean hasi zituzten estalpea jartzeko lanak eta abuztuaren 31rako amaituta egon beharko dute.



 Ikastolako patioa estaltzeko lehiaketa egin zuen Mendaroko Udalak, eta aurkeztu ziren 58 proiektuen artetik Blur arquitectura enpresa kataluniarrak aurkeztutako Zag-zig izeneko lanak (ikus infografia) irabazi zuen lehiaketa.
  Mendaroko Udalak joan den martxoaren 14an sinatu zuen obraren esleipena Altuna y Uria enpresa etxegilearekin eta ikasturtea amaitzearekin batera, joan den astelehenean, hasi zituzten eraikuntza lanak. Abuztuaren 31a arteko epea dute bukatzeko. Blur enpresako Octavio Perez Monfort arkitektua ari da obra zuzentzen. Altuna y Uriak 529.000 euroko aurrekontua izango du lanak egiteko. Diru kopuru horren zati handiena, 396.195 euro, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jaso zuen Mendaroko Udalak.