Alex Aranburuk irabazi zuen Javier Ezenarro txirrindulari memoriala

elgoibarren.net 2012ko uzt. 10a, 09:35

Javier Ezenarroren omenezko lasterketa jokatu zen zapatuan Mendaron. Gipuzkoako Txapelketa zegoen jokoan, eta 113 txirrindulari abiatu ziren (88k bukatu zuten proba, eta 25 erretiratu egin ziren). Alex Aranburu Caja Ruraleko txirrindularia izan zen tropeleko azkarrena, 2:15:09ko denborarekin.


  Mendaroko Txirrindulari Taldeko kideek 84 kilometroko ibilbidea prestatu zuten, eta, tartean, bi aldiz igo behar zuten Kalbarioko gaina. Alex Aranburu ailegatu zen lehen postuan helmugara. Caja Ruraleko txirrindulariak bi ordu, hamabost minutu eta bederatzi segundotan osatu zuen ibilbidea, eta, hortaz, irabazlearen batez besteko abiadura, orduko 37,29 kilometrokoa izan zen. V. Javier Ezenarro oroitzarrea irabazteaz gain, Gipuzkoako txapeldun berria dugu goierriko txirrindularia, Gipuzkoako Txapelketa zegoen-eta jokoan Mendaron. Bigarren Limousin Cartonajes taldeko Mikel Matxinek egin zuen (2:15:35), irabazlearengandik 26 segundora eta Iker Azkarate Caja Ruralekoak egin zuen hirugarren (2:15:39).
Taldekako saria Caja Ruralek jaso zuen, eta Alex Aranburu berak jaso zuen mendiko saria.