Ehunmilak proban parte hartuko dute Edu Uribek eta Josu Mendikutek

elgoibarren.net 2012ko uzt. 11a, 15:02

 
Hirugarren Ehunmilak ultratraila jokatuko da barixakuan (uztailak 13) eta lehenengo partaideak -193 daude izena emanda- 23:00ak aldera pasatuko dira Azkarate gainetik. Bi elgoibartarrek eman dute izena proban: Edu Uribek eta Josu Mendikutek. Egun berean egingo den Goierriko bi handiak proban, bestalde, beste bi elgoibartarrek parte hartuko dute: Asier Arrietak eta Ignacio Perezek.

 
 
 
  Barixaku honetan, 18:00etan abiatuko dira Beasaindik Ehunmilak ultratraileko parte hartzaileak, eta tartean bi elgoibartar izango dira: Edu Uribe eta Josu Mendikute. Ehunmilak prestatzen Pirinioetan ibili den Uriberentzat hirugarren parte hartzea izango da honakoa. Estreinako edizioan ezin izan zuen proba amaitu baina iaz, lehen saiakeran gertatutakoaren arantza kendu, eta 46 ordu eta 41 minutuan amaitu zuen Euskal Herrian egiten den probarik gogorrenetarikoa. Elgoibar-Morkaiko taldearen izenean lehiatu zen Uribe, Jose Luis Diez eta Asier Arrietarekin batera taldea osatuz. Josu Mendikuterentzat lehen parte hartzea izango da aurtengoa.

Edu Uribe.

Josu Mendikute (eskuinean).

 Ongi-etorria Azkarate gainean
  Aurten, guztira, 193 lagunek eman dute izena, 186 gizonek eta zazpi emakumek, eta orduko zortzi bat kilometro egingo dituztela aintzat hartuta, ondo bidean, 23:00ak aldera pasatuko dira Azkarate gainetik lehenengoak (Ibilbideko 38-40. kilometroa). 168 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute pagadi eta hariztietan barrena, Aralar eta Aizkorriko parke naturaletan sartuz, Txindoki (1.346m), Ganbo (1.402m), Aizkorri (1.528m), Erlo (1.026m), Izaspi (967m) eta Ernio (1.075m) menditontorrak igoz 11000m-ko desnibela duen ultratrailean. Elgoibartarrek ongi-etorria egingo diete parte hartzaileei Azkarate gainean, musika eta guzti.
Arrieta eta Perez g2handietan
  Goierriko bi handiak proban, bestalde, beste bi elgoibartarrek parte hartuko dute: Asier Arrietak eta Ignacio Perezek. Goierriko bi handiak lasterketakoak ere barixaku gauean abiatuko dira Beasaindik, 23:00ak aldera, baina hauek ez dira Elgoibartik pasatuko. Beasaindik Larraitzerantz joko dute, eta handik Aralar mendian sartuko dira. 88 kilometro egin beharko dituzte, eta tartean Txindoki eta Aizkorri mendiak igoko dituzte. Guztira, 302 lagunek dute izena emanda: hamazazpi emakumek eta 185 gizonek.

 
Lotura duten albisteak: