Musika eskaintza zabala astebururako

elgoibarren.net 2012ko uzt. 13a, 13:40

 
Musika proposamen ezberdinak izango dira asteburuan Elgoibarren zein Mendaron. Hasteko, gaur, metala eta rocka uztartzen duen Dark Code talde bergararrak kontzertua eskainiko du Kultur Etxeko sotoan. Era berean, Dada DJak dantzan jarriko du Mendaroko Goñati pilotalekua.



Dark Code, Kultur Etxeko sotoan
Dark Code talde bergararrak kontzertua eskainiko du gaur  (uztailak 13) gauean, Sinuosek antolatuta. Raise of Death izeneko diskoa kaleratu zuten urte hasieran, eta hori aurkeztera etorriko dira. Musika gogorra egiten dute, eta metala eta rocka uztartzen dituzte. 22:30ean hasiko da kontzertua, kultur Etxeko sotoan. Sarrera hiru euro kobratuko dute.


Batuka eta dantza latinoen erakustaldia, Mendaroko frontoian
Batuka eta dantza latino erakustaldia egingo dute gaur gauean Mendaroko dantza ikasleek, Santana jaien egitarauaren barruan. 22:30ean hasiko da dantza saioa, Goñati pilotalekuan. Jarraian, diskoteka itxura hartuko du frontoiak, Dada DJaren musika saioarekin. 
Hip Hop Eguna, Gaztetxean
Hip Hop Eguna egingo dute bihar (uztailak 14), Lerun Txiki Berriak antolatuta. 18:00etan hasiko da jaia, DJ Lendi eta DJ Nodaren emanaldiekin. 23:00etan Kofla, Manblak eta El fuego y la palabra ikusteko aukera egongo da. Sarrera, doan.
Kontzertua, Elgoibarko musika eskolan
Harituz kultur elkarteak antolatuta, musika emanaldia eskainiko dute Euskal Herriko hainbat musika ikaslek bihar, zapatua, Inazio Bereziartua musika eskolan. Udako musika ikastaroa antolatu dute Aubixan, eta beste hainbat ekitaldiren artean emango dute biharko kontzertua. 15 urte arteko hemezortzi ikasle ari dira ikastaroan parte hartzen, Gasteizko, Donostiako eta Musikeneko sei irakasleren laguntzaz. Biharko saioa 19:30ean hasiko da, musika eskolako auditorioan.