Edu Uribek 45 ordutan amaitu du Ehunmilak ultratraila

elgoibarren.net 2012ko uzt. 16a, 15:32

Lau elgoibartarrek hartu dute parte III. Ehunmilak proban, Edu Uribek eta Josu Mendikutek luzean (168 km.); eta, Asier Arrietak eta Ignacio Perezek motzean (88 km.). Mendikutek bertan behera laga behar izan zuen 66. kilometroan eta Uribek 45 minutu eta hogeita bat minutuan amaitu zuen eguraldiak asko gogortu zuen proba. Era berean, Arrietak eta Perezek hogei ordu eta 46 minutu behar izan zituzten Goierriko Bi Handiak proba osatzeko. (argazkiak eta bideoa dauzka)

  Ehunmilak ultratraileko antolatzaileek euria eta hotza iragarri zituzten proba hasierarako, eta bete betean asmatu zuten. "Beasainen proba hasi -18:00etan irten ziren barixakuan- eta hiru ordutara gainean genuen euria. Zapatu eguerdira arte bidelagun izan genuen", azaldu du bigarrengoz ultratrail gogorrenetakoa amaitzea lortu duen Edu Uribe elgoibartarrak. Tolosako anoa postura, 70. kilometroan, "mela-mela eginda" ailegatu zela gaineratu du Uribek, baina arropak aldatu eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, zangoetan pilatu dituen milaka kilometro eta era honetako dozenaka proba egina izanak ematen duten esperientziaz baliatuz. (Mendi lasterketa bere blogean irakur dezakezue Ehunmilak ultratrailari buruz egin duen kronika)

Azkarate gainean zain egon ziren bolondres elgoibartarrei argazkia atera zien Edu Uribek.

Etxean egindako flana eskaini zieten Sargoaten parte hartzaileei.

  Irteera hartu zuen beste elgoibartarrak, Josu Mendikutek, ezin izan zion lehen gau gogorrari buelta eman eta hotzaren ondorioz proba bertan behera lagatzea erabaki zuen. Erretiratu beharra izan zuen arren, esperientzia “oso polita” izan dela azaldu du Mendikutek. Joan zen urtean motza (Goierriko Bi Handiak) egin zuen eta sentsazio onekin amaitu zuenez, aurten ibilbide luzea egitera animatu zen. Honela kontatu digu bere esperientzia: “Madarixara indartsu ailegatu nintzen baina hortik aurrera euria hasi zen eta Xoxoteko azken maldetan eta Azpeitiarako jaitsieran nahiko gaizki pasa nuen, haizea, euria eta lainoak asko zaildu zuen-eta bidea. Hala, animoz nahiko baju ailegatu nintzen Azpeitiara. Denborarik galdu gabe jan eta edan ostean, hotzez gogortzen ari bainintzen, Arauntzako maldetan gora abiatu nintzen. Malda gogorrak izan arren gustura igo nuen aldapa, euriak atseden labur bat eman zigun-eta. Tontorretik Zelatuneko bordetarako bidean hazi zen, baina, nire kalbarioa. Haize hotza egiten zuen eta zangoak gogortzen ari zitzaizkidala nabari nuen. Zelatunera ailegatu nintzenean erretiratzeko asmoa nuela esan nien bertakoei, baina Tolosara arte 11 kilometroko jaitsiera nuela eta jarraitzeko animatu ninduten. Saiatu nintzen arren, zangoak  minez gogortatuta neuzkan eta zapatuan, 7:00ak aldera, 66 kilometro egin ostean, Ernio azpiko Zelatuneko bordetan entregatu nuen txipa. Pena handia eman zidan erabakia hartzeak, hilabetetan denbora asko kendu diet-eta ondokoei behar bezala entrenatu ahal izateko. Dena dela, esperientzia hau hurrengoetarako baliagarria izango zaidala espero dut eta Beasaingo ezagunei esan diedan moduan, hau bukatzeko itzuli beharra daukat. Gauza onen artean, Azkarate gainetik pasa ginen unearekin geratzen nahiz. Itzela izan zen eta nirekin batera Gorlatik zetorren Calpeko mutila ere harrituta geratu zen jaso genituen animo pilarekin”. 

Ehunmilak probako lehen hiru sailkatuak. Arg: Edu Uribe.

Mendikute ez zen proba laga behar izan zuen bakarra izan: irteeran batu ziren 188 lagunetatik 112 ailegatu ziren helmugaraino. Aitor Leal izan zen guztietan azkarrena. Irundarrak 23:26:55 denbora egin zuen. Emakumeen artean Xari Adrian izan da garailea. Antolatzaileek Txindokiko gaina ibilbidetik ateratzea erabaki zutela nabarmendu behar da, lasterketari kilometro bat eta erdi kenduz. Eguraldiak eragin zuen erabaki hori. Antolatzaileak eta bolondresak goraipatu zitiuen irabazleak amaieran. Elgoibarren ere, eguraldi kaxkarra egin arren eta gaua sartuta iritsi ziren arren, bolondresak hurbildu ziren Azkarate gainera parte hartzaileei ongi-etorria egin eta animoak ematera.
Arrieta eta Perez 21 orduren bueltan G2H proban
 Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuten lagunek ere ez zuten zorterik izan eguraldiarekin. Ekaitza hastearekin batera hasi zen proba eta babesik eskaintzen ez duten Aralarreko parajeak zeharkatu ostean mela-mela eginda iritsi ziren Lizarrustira. Asier Arrieta bertan behera lagatzekotan ere egon zen, baina familiakoek bertara emandako arropa lehor eta babesari esker aurrera jarraitzea erabaki zuen. Ignacio Perez elgoibartarrarekin batera egin zuen ibilbide osoa Arrietak (ondorengo bideoan) eta batera ailegatu ziren helmugara ere, 20 ordu eta 46 minutuko denborarekin. Iazko Ehunmiletako irabazlea, Javi Dominguez (10:52:49) izan zen azkarrena G2H proban. Gasteiztarra da Dominguez baina Elgoibarko Ideko enpresan dihardu beharrean.