Deba Itziar Xtreme triatloi taldeak antolatuta, Andutz Mendi Lasterketaren hirugarren ekitaldia jokatu zen, joan den zapatuan. Parte hartzaileek egin beharreko lana honakoa zen: Itziarko plazatik irten, Andutz tontorrean dagoen gurutzea ukitu eta berriz ere Itziarko plazara itzuli. Iñigo Lariz izan zen 4,4 kilometroko ibilbidea bukatzen azkarrena, 23:16 denborarekin. Mendi tontor pikoak igo eta jaitsi behar diren probetan ezin hobeto moldatzen dela erakutsi du, beste behin ere, elgoibartarrak, joan den astean Etxabe-Xoxote-Etxabe mendi esprintean argi laga zuen moduan. Hala eta guztiz, marka oso ona eginagatik, ezin izan zuen probaren estreinako edizioan Aitor Osak ezarri zuen marka (22:30) ondu. Gotzon Zulaika ailegatu zen Itziarko plazara bigarren postuan (24:55). David Conde elgoibartarra ere lehen hamarren barruan sailkatu zen, 9. postuan, hain justu ere, 26:55 denborarekin.
Guztira 31 lagunek lortu zuten proba amaitzea, tartean bi emakumezkok.
- Ikus hemen: III. Andutz Mendi Lasterketako sailkapenak (PDF)