Ikastola inguruan hasita dauden lanekin gune hori berrantolatu nahi du Elgoibarko Udalak. Horretarako, bertan dagoen bihurgunea edo chicanea kendu egingo da. Aldaketa horri esker, aparkaleku kopurua gehituko dela aurreikusten dute, eta gaur egun dauden 15 aparkalekuen ordez, 35 izango direla jakinarazi dute. Bestalde, Iñigez Karkizao kaleko obretan trazatua berritzea, eta inguru horretako trafikoaren joan-etorria arintzea izango dira lanak egitearen arrazoi nagusia.Ondorengo bi argazkiotan ikus dezakezue egun duen itxura eta obrak amaitu ostean izango duena.
Aurreikusitakoaren arabera, Iñigez Karkizao kaleko obrak azaroaren erdi aldera arte luzatuko dira eta Ikastola inguruan abiatutakoak, berriz, irailaren hasierara arte. Iñigez Karkizaon abiatutako obraren ondorioz, “kale hau eta Pedro Mugurutza etorbidea lotzen dituen lurrazpiko pasabidearen sarrera kendu egingo dira”, eta beste pasabide bat eraikiko dute. Aurreikusitako jardueren baitan, euri uren sarea, argiak eta zorua ere berrituko dira, horrelako lanetan egin ohi den legez. Hori bai, obrek dirauten bitartean, uneoro, ibilgailuak igaro ahal izango dira bertatik.
•Aurrekontua
Aurrekontuari dagokionez, Elgoibarko ikastolaren inguruan egingo den obra Udalak ordainduko du, eta 109.272,70 euroko kostua izango du. Obra hau Echaide Eraikuntzak S.A. enpresari esleitu zaio. Iñigez Karkizao kaleko obra, bestalde, Urruzuno sektorearen urbanizazioak bere gain hartu duen zama edo konpromisoa da, eta finantzazioa pribatua izango da. Lan horiek, berriz, Obegisa S.A. enpresak burutuko ditu.
∞Lotura duten albisteak: