Udalak abiarazi duen zerbitzu berri honetaz baliatzeko, nahikoa izango da alta ematea. Horretarako, herritarrek, Udalaren webgunean (www.egoibar.org) eta herritarrentzako arreta bulegoan eskura dagoen inprimakia bete beharko dute.
Inprimaki horretan, udal informazioa testu-mezu bidez (SMS) jaso nahi duten herritarrek hainbat datu pertsonal jarri beharko dituzte, hala nola, izen-abizenak, jaiotze data, telefono mugikorraren zenbakia, posta elektronikoko helbidea edo udaleko sailek igortzen duten informazioa zein hizkuntzatan jaso nahi duten (euskara edo gaztelania).
Behin inprimakia beteta, eskatzaileak mezu bat jasoko du mugikorrean, SMS bidezko alerta zerbitzuan alta ondo eman dela aditzera emateko. Hortik aurrera, beraz, Udalak ematen duen informazioa jasoko du. Hala ere, ziurrenik, urrira arte ez zaio ekingo mezuak bidaltzeari.
Datu Pertsonalen Babeserako Legeari jarraiki, herritarrek ematen dituzten datuak fitxategi batean sartuko dira, eta fitxategi hori mezu hauek bidaltzeko bakarrik erabiliko da, (15/1999 LO, 13-XII).
Nolanahi ere, pertsona bakoitzak egoki irizten dionean aldatu edo ezabatu ahal izango ditu datu pertsonalak. Horretarako, nahikoa izango da oharrak@elgoibar.org helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea edo Elgoibarko Udalaren bulegoetara bertaratzea.