Gaur izango da Nazioarteko Folklore jaialdia Olaizaga Kiroldegian

elgoibarren.net 2012ko uzt. 20a, 08:54

Haritz Euskal Dantzari Taldeak antolatuta, gaur gauean (22:30) izango da Nazioarteko Folklore jaialdia. Beste behin ere mundu zabaleko bi talde izango ditugu Olaizaga kiroldegiko taula gainean, herriko Haritz dantza taldearekin batera. Oraingo honetan Kurdistan eta Argentinatik iritsiko dira dantzara Elgoibarreraino. Batetik Kurdistan irakiarreko Sulaimaniyah taldea, estatu gabeko herrialde handienaren ordezkari; eta bestetik Argentinako Gran Ballet Argentino.

Sulaimaniyah (Kurdistan)

1706638137788 Gaur izango da Nazioarteko Folklore jaialdia Olaizaga Kiroldegian

1998an sortu zen Sulaimaniyah izeneko talde honek Kurdistango folklorea mantendu eta indarberritzeko helburua du, bereziki dantza, kantak eta musika; baita bertako artearen nortasuna mundu osoko herri ezberdinei erakustekoa ere. Taldea presente egon da Kurdistango ospakizun eta jaialdi ugaritan, bai eta handik kanpoko beste hainbat lekutan ere, tartean: Kurdistan iraniarrean, Herbehereetan, Polonian, Arabiar Emirerri Batuetan edo Kroazian.

Gran Ballet Argentino (Argentina)
 

Tangoak eta landa-dantzek osatzen dute talde argentinarraren egitaraua.

1963. urteaz geroztik musika eta dantza argentinarren zabalpenean buru belarri diharduen talde artistikoa da Gran Ballet Argentino. Dantzari, musikari, kantari eta aktorez osatua, argentinarraren izpiritu, izaera eta bizitzarekiko jarrera oinarritzat hartuta, euren herrialdea eta mundu osoa zeharkatu ditu beren lurreko sustrai eta giza paisaia ezagutaraziz. Ohiturek, ezaugarri tipikoenek, keinu bereizgarriek, teknika finduak eta antzezpen jokoek bat egiten dute Ballet honetan nortasunez eta kolorez, indarrez eta adierazkortasunez, trebeziaz eta estiloz.
Haritz Euskal Dantzari Taldea (Euskal Herria)
 
  Haritz dantza taldea 1973an sortu zuten, eta azken hogeita bost urteko bideari jarraituz, Haritz Euskal Dantzari Taldeak Euskal Herri zabaleko folklorea elgoibartarrei hurbilarazteko ahalegina egingo du Elgoibarko Nazioarteko Folklore jaialdia aprobetxatuz. Aurtengo jaialdian Nafarroako eta Bizkaiko dantzak taularatuko dituzte.
Lizarrako larrain dantzarekin ekingo diote jaialdiari, Iruñeko dultzaineroen musikaz lagunduta. Bigarren zatian Bizkaiko eskualde desberdinetako dantzak eskainiko dituzte: Xemeingo ezpata-dantzarekin emango diote hasiera, ondoren probintziako beste muturrera jo eta Lanestosako arku-dantza aurkezteko. Durangaldeko erregelekin jarraituko dute, eta ondoren ezpata joko nagusia, makil jokoa, binangoa eta txotxongiloa egingo dituzte. Arrateko jota eta porruarekin amaituko dute ikuskizuna.

•2011ko Folklore jaialdiko argazkiak: (Picasan)