Aitor Hernandez eta Ander Agirre nagusi Azkarateko Igoeran

elgoibarren.net 2012ko uzt. 21a, 16:20

Aitor Hernandez ermuarrak irabazi du Azkarateko Igoera, bizikletako proban. Txirrindulari profesional izandakoak, gainera, errekor berria ezarri du, hamabost minutu eta bost segundo behar izan baititu Maalatik Azkaratera bitartean 5,9 kilometroko distantzia egiteko. Ander Agirre, eguneko protagonista nagusietako bat ailegatu da bigarren postuan helmugara. Maalara berriz jaitsi eta antxintxikako proban irteera hartu ostean, bera izan da Azkarate gainera iristen azkarrena, 24:17 denborarekin. (sailkapenak eta argazkiak dauzka)


 Maalako jaien barruan II. Azkarateko Igoera antolatu dute gaur (uztailak 21), txirrindulari zein korrikalarientzat. Txirrindulariak 11:00etan irten dira Maalatik eta Aitor Hernandez izan da Azkarate gainera ailegatzen azkarrena. Txirrindulari ermuarrak iaz Iñigo Lazkanok ezarritako errekorra (15:40) ondu du gainera, hamabost minutu eta bost segundoan geratu du-eta kronometroa. Ander Agirre debagoiendarrak egin du bigarren (15:49) eta iazko irabazlea, Iñigo Lazkano sailkatu da hirugarren postuan. Hamasei minutuz azpitik egitea lortu duen arren, iaz baino denbora txarragoa egin du uztailaren 27an Gasteizen jokatuko den Distantzia Luzeko Munduko Triatloi Txapelketa prestatzen diharduen mendaroarrak. Guztira 42 lagunek bukatu dute proba, denak gizonezkoak.
Agirre, bigarren bizikletan eta lehena saltaka
  Korrikalariak 12:00etan irten dira Maalatik eta egon da bi probetan parte hartu duen kirolaririk ere. Horietako bat izan da, hain justu, antxintxikako proba irabazi duen Ander Agirre. Bizikletan bigarren egin ostean, korrikako proba irabazi du triatloietan aritu ohi den debagoiendarrak. Hamar segundoko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Igon Mancisidor debarrari, helmugan. Bizikletako proban gertatu den moduan, Iñigo Lazkanok egin du hirugarren (15:57). Orotara 23 lagunek lortu dute proba amaitzea. Hemen ere ez da emakumezkorik izan.

Aitor Hernandez Azkarate gainera iristen.

1706638136489 Aitor Hernandez eta Ander Agirre nagusi Azkarateko Igoeran

 *Astelehenean gaineratuko ditugu Azkarateko igoerako argazki guztiak.