600 lagun batu ziren Alcortan ate irekien egunean

elgoibarren.net 2012ko uzt. 24a, 11:37

 
Alcorta Forging Group enpresa elgoibartarrak ehun urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko urtean zehar egiten diharduten ekintzen barruan, ate irekiak antolatu zituen, joan den zapatuan. Egun osoko egitaraua antolatu zuten eta 600dik gora lagun batu ziren bertan. Gonbidatuen artean Efren Vazquez moto gidaria egon zen. (argazkiak dauzka)


 Ate irekien egunari hasiera emateko familia argazkia atera zuten Alcortakoek, eta ondoren mendeurrenaren harira Elgoibarko Izarrak egindako liburu bana banatuko zieten langileei. Ondoren, arbola bat landatuko zuten enpresaren aurrealdean, eta jarraian enpresa bisitatu zuten langileen senideek eta gonbidapenak jaso zituzten lagunek. Guztira, 600dik gora lagun batu ziren ate irekien egunean, eta tartean ziren Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea eta Jon Peli Uriguen Berrikuntza diputatua, eta baita aurten mailaz igotzea lortu duen Sanloko Alcorta eskubaloi taldea ere.
  Umeek puzgarrietan jolastu eta eskulan txokoan parte hartzeko aukeraz gainera, errementari jantzita argazkia ateratzeko aukera ere izan zuten forja gunean. Nagusiek, berriz, kartsetan ibiltzeko eta txapelketako moto bat probatzeko aukera izan zuten. Efren Vazquez moto gidari bilbotarraren erakustaldi bat ere aurreikusita zegoen, baina segurtasuna erabat bermatuta ez zegoela-eta bertan behera laga zuten. 2007an debuta egin zuenez gero Munduko Txapelketan dihardu Errekaldeko pilotuak, Moto 3 kategorian aurten. Harekin argazkiak atera eta sinadurak eskatzeko aukera izan zuten Alcortako motozaleek.
Argazkiak: (Guztiak Picasan)