La Naranja Mekanikak penaltietan irabazi zuen Futbol 7 txapelketa

elgoibarren.net 2012ko uzt. 24a, 15:05

 
Bi talde elgoibartarrek, La Naranja Mekanikak eta Guanedok, jokatu zuten Debabarreneko Futbol 7 txapelketako finala, joan den barixakuan, Eibarko Unbe futbol zelaian. Lehia estuaren ostean, La Naranja Mekanika taldeak (ondoko argazkian) irabazi zuen txapelketa.


 Lehen zatian sartu zuten gol bati esker, Guanedo taldeak aurrea hartu zuen markagailuan, baina partida amaitzeko bost minuturen faltan finala berdinduta laga zuen gol erabakigarria sartu zuen La Naranja Mekanika taldeak. Arazko denbora berdinketarekin amaitu zenez, penalti jaurtiketetan erabaki zen finalaren, eta hortaz, txapelketaren irabazlea.
 Penaltietan trakets aritu ziren Guanedokoak eta jaurti zituzten hirurak huts egin zituzten. Hala, La Naranja Mekanikako jokalariek bi penalti jaurti eta bakarra sartzearekin nahikoa izan zuten txapelketa irabazteko. La Naranja Mekanika taldea osatzen duten hainbat jokalari Alcorta Forging Group eskubaloi taldeko jokalariak ere badira. Eta, bistakoa denez, eskubaloian ez ezik, futbolean ere primeran moldatzen dira. 2010ean ere eurak izan ziren Futbol 7 txapelketako irabazleak.
 
•Azken urteetako irabazleak
  • 
2008: Buztangorriak
  • 2009: EGS
  • 2010: La Naranja Mekanika
  • 2011: EGS
  • 2012: La Naranja Mekanika