San Bartolome jaien aurrerapena, txikienen eskutik

elgoibarren.net 2012ko uzt. 24a, 18:03

Txiki eguna ospatu zuten astelehenean Atxutxiamaikaren udaleku irekietan parte hartzen diharduten ume eta hezitzaileek. Kalegoen plazan batu eta sokamuturran ibili ostean, elkarri muztioa eta ura paparrera botaz aritu ziren, nagusien ohiturak eureganatuz. Jarraian, Txiki Egunean handiek egin ohi duten legez, Mauxitxako kideen atzetik kalejiran ibili ziren Elgoibarko kaleetan barrena. (argazkiak eta bideoa dauzka)

  Gazteak berez du festa eta parrandarako joera, eta batzuk umetatik erakusten dute parrandarako grina hori, Atxutxiamaika aisialdi taldekoek antolatu zuten umeentzako Txiki Egunean argi geratu zen moduan.
 Abuztuaren 27an, San Bartolome jaietako Txiki Egunean, ikusiko ditugun hainbat ohitura eta irudi ikusi ahal izan genituen astelehenean, aurrerapen moduan, herriko kaleetan. Zuriz jantzita eta jaietako zapi gorria lepoan jarrita agertu ziren umeak plazara, baina gutxi iraun zuen zuritasunak, muztioa eta ura elkarri bota eta gero gorri kolorea hartu zuten-eta umeen jantziek. Azkar hartu zioten gustua elkarri basokadak botatzeko ohitura horri eta hezitzaileek eskuak bete lan eduki zituzten edalontziak muztioarekin eta urarekin behin eta berriz betetzen.
 Behin girotuta, San Bartolome kalean barrena joan ziren haurrak Mauxitxako hainbat kidek, eta zenbait gonbidatuk, osatu zuten txarangaren atzetik. Kalebarren plazan egin zuten geldialdia gero eta txarangaren hainbat pieza abestu eta dantzatu zituzten han.
Argazkiak: