Mintxeta harria eta Belaustegi harria harrijasotzaileen zain daude

elgoibarren.net 2012ko uzt. 25a, 10:42


Mintxeta harria eta Belaustegi harria, 126 kilokoa lehena eta 146 kilokoa bigarrena, dira San Bartolomeetako XIV. Harrijasotze txapelketan parte hartuko duten harrijasotzaileek jaso beharko dituzten harri irregularrak. Harri baldarrak dira biak eta nondik heldu asmatu beharko dute kirolariek. Txapelketa egunera arte Aiastiako elkartean gorde dituzte bi harriak Kalamua elkarteko kideek, horrelako txapelketetan harria gordeta egoten baita eta harrijasotzaileek ez dute aukerarik aurrez harriarekin saioak egiteko. Javier Arriola “Egi” harrijasotzaile ohiak azaldu dizkigu bi harrien ezaugarriak. (bideoa eta argazkiak dauzka)


 Iazko abuztuan zendu zen Pedro Mari Egaña “Mintxeta” harrijasotzailearen omenezkoa izango da aurrerantzean San Bartolomeetako harrijasotze txapelketa. Izenarena, baina, ez da berrikuntza bakarra, Kalamua elkarteak txapelketaren egitura aldatu baitu. Hala, orain arte baino harrijasotzaile gehiago aurkeztuko diren itxaropenarekin, adin muga kendu dute, 35 urtez azpiko harrijasotzaileentzako txapelketa zen-eta orain arte.
  Aldaketa nabarmenena, baina, egin beharreko lanean datza. Hiru harri erregularrekin beharrean bi harri irregularrekin egin beharko dituzte-eta jasoaldiak. Javier Arriola “Egi” harrijasotzaileak aurkitu zuen Mintxeta harria zaharberritzen ari ziren baserri bateko horman eta Pedro Mari Egaña “Mintxetak” harrijasotzaileak entrenatzeko bere baserrian erabiltzen zuelako jarri diote izen hori. Belaustegi harria, bestalde, Aiastiako baserrian ahaztuta egon da urteetan.
 Harri bakoitzarekin bost minutuan altxaldi gehien egiten dituen harrijasotzaileak irabaziko du Mintxeta Memoriala, abuztuaren 25ean (Baserritarren Eguna), 18:00etan hasita, Kalegoen plazan.

Belaustegi harria, ezkerrean, eta Mintxeta harria Aiastian.

Mintxeta harria garraiatzen.

1706638134297 Mintxeta harria eta Belaustegi harria harrijasotzaileen zain daude

1706638134408 Mintxeta harria eta Belaustegi harria harrijasotzaileen zain daude