Sorginduta hasiko dira gaur santanak Mendaron

elgoibarren.net 2012ko uzt. 25a, 13:58

 
Mendaroko Abesbatzak hasiko ditu gaur, Santixao eguna, Mendaroko santanak. Abesbatzako kide batek botako du txupina udaletxeko balkoitik, 18:00etan. Hortik aurrera, domekara artean, festa giroan murgilduko dira mendaroarrak. Gaur gauean, gainera, Nagusien danborrada amaitzearekin batera, Katasorgiña ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, udaletxetik egingo du-eta jaitsiera. (egitaraua dauka)

 

Egin klik taulan jaietako egitaraua ikusteko.

Mendaroko abesbatzako kideek botako duten txupinarekin hasiko dira ofizialki Mendaroko Santa Ana jaiak, 18:00etan. Ondoren, Bizi-Poza txarangarekin eta buruhandiekin kalejiran abiatuko dira mendaroarrak. Pilotazaleek Goñati pilotalekuan izango dute zita, 18:30etik aurrera Gazte Asanbladak antolatutako pala txapelketako finalak jokatuko dituzte-eta. Emakumeen finalean, Amaiak eta Nagorek Maiteren eta Janireren aurka jokatuko dute eta, gizonezkoenean, berriz, Andoni Etxeberriak eta Eulogio Mancebok osatutako bikoteak Jon Gallastegi eta Joseba Etxeberriaren aurka jokatuko du. 19:30ean berriz, Salbea egingo Azpilgoetako elizan. Nagusien danborrada 22:30ean hasiko da, eta danborrada amaitzearekin batera, Katsorgiñaren jitsiera hasiko da udaletxetik. Goizaldera arte luzatuko da jai giroa Referee DJ-arekin. (egitarau osoa ikusteko egin klik ondoko irudian)

Aparkaleku gutxiago jaietan
Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, Herriko Enparantzan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, uztailaren 25etik 29ra artean. Azpilgoeta auzoan ere, elizatik Arrats taberna arteko bidean galarazita egongo da aparkatzea, uztailaren 25ean, goitibeheren jaitsiera dela-eta. Azkenik, Mendarozabal auzoko 5. zenbakiaren atzealdean dagoen aparkalekuan ere ezingo da ibilgailurik laga uztailaren 27an, haurrentzako atrakzioak egongo dira eta bertan.
  • Mendaroko jaiei buruzko informazio osoagoa: Aurtengo nobedadeak, Katasorgiñaren ingurukoak, e.a. BARREN astekariaren 833 alean (PDF) aurkituko dituzue.

Lotura duten albisteak: