•Azkoitiarrak nagusi Sigman
Sigmako pilota txapelketako final nagusian 22-13 irabazi zieten Juaristi eta Zendoia azkoitiarrek Kepa eta Perea elgoibartarrei. Bigarren mailako finalean, bestalde, Agirresarobe-Zubizarreta bikoteak nagusitasun osoz irabazi zuen Beraza-Beñat bikotearen aurkako finala, 22-5 iran zen azken emaitza. Infantilen arteko finalarekin hasi zen eguna eta bertan, Urruzula-Dani Vargas bikoteak 18-12 irabazi zion Idigoras-Ayesta bikoteari. Gaurko egunez, Santiago Egunean (uztailak 25) jokatu ohi dituzte Sigmako torneoko finalak, baina jai egun izan ez denez, zapatura aurreratu zituzten partidak. Ohiturari eutsiz, jan edana banatu zuten antolatzaileek partidak ikustera joan zirenen artean eta giro ezin hobea sortzeko lagungarria izan zen hori.
|
|
10Bai taldeak antolatutako emakumezkoen pala txapelketako finala jokatu zen zapatuan, Kalegoen plazako frontoian. Kolorerik izan ez zuen partidan, 22-6 irabazi zieten Leirek eta Amaiak, Loiola lehengusinek osatutako bikoteari. Aiastiarrek txapelketa oso ona egin duten arren, finalean aurkarien aurrean amore eman behar izan zuten. Irabazleek eta txapeldunordeek Itsaso Pradera Munduko pala txapeldunaren eskutik jaso zituzten garaikurrak, 10Bai taldeak gonbidatuta etorri zen-eta Mallabiako pilotaria.
Olazagutiako (Nafarroa) jaien barruan jokatuko da izen bereko pilota txapelketako finala, datorren zapatuan (uztailak 28). Ansa eta Goñik osatutako bikotea finalaurrekoetan gainditu eta gero, finalerako sailkatzea lortu du Condek eta Txurrukak osatutako bikote elgoibartarrak (ondoko argazkian). Zegamako Tartaloetxe pilota taldea ordezkatuz jokatu dute txapelketa.