Domeka osteko sokamuturretan ohikoa denez, inguruko herrietako jende
asko irten da zezenen aurrera, gau osoa parrandan pasa eta erretiratu
gabekoak asko, gainera. Osagai horiekin ez aspertzeko modukoa izan da
gehienentzat –batek baino gehiagok astindu ederrak hartu behar izan
ditu-eta- . Gero, eguerdi aldera, Elgoibarko Danborradakoek eskainitako
hegaluze parrilladan indarrak berreskuratu eta jubilatuen txanda iritsi
da. Eurei eskainitako meza entzun ostean, Olaizaga kiroldegian bazkaldu
dute dozenaka edadetuk, eta Eguren orkestrak girotu du arratsaldea ondo
sartu arte luzatu den bazkalosteko dantzaldia. Dantzek, beste modu batekoak izan arren, Kalegoen plazan izan dute jarraipena, Dantza Solteko 76. Lehiaketa egin dute-eta bertan. Jon Ibargurenek eta Idoia Besadak osatutako
bikoteak irabazi du (beheraxeago daukazue sailkapena) Haritz dantza taldeak Udaleko
Txistularien Bandaren laguntzarekin antolatzen duen txapelketa. Hamasei urtetik gorakoentzako txapelketa izan da aurtengoa. (Jubilatuen eguneko argazki guztiak Picasan).
Eta
bihar: Jaietako egunik handiena: Txiki Eguna.
•Dantza Solteko 76. Lehiaketako sailkapena:
- Irabazleak: Jon Ibarguren - Idoia Besada (Azpeitia/Pasaia)
- 2. postua: Lander Campos- Haizea Hormaetxea (Santurtzi/Leioa)
- 3. postua: Amets Amubieta - Mailen Aldalur (Azpeitia)
- 4. postua: Xanti Leonet - Izar Etxeberria (Oiartzun)
- 5. postua: Beñat Monfort -Naiara Larrañaga (Amasa/Zizurkil)
- 6. postua: Diego Duran - Eneritz Manzisidor (Barakaldo/Portugalete)