Erabiltzeko moduan dago Ikastola aurreko aparkalekua

elgoibarren.net 2012ko ira. 5a, 16:18

Amaitu dituzte Elgoibar ikastola aurreko aparkalekuak berriz urbanizatzeko lanak eta dagoeneko erabiltzeko moduan daude bertan sortu dituzten 34 aparkaleku plaza berriak –lehen hamabost zeuden inguru horretan-. Era berean, aurrera doaz Iñigez Karkizao kalean uztailean hasi zituzten lanak. Urriaren amaiera alderako amaituta izango direla aurreikusten dute Udal arduradunek. Lanak amaitzen dituztenean, gainera, Pedro Muguruza etorbidearen eta Gabriel Krutzelaegi kaleen noranzkoak aldatuko dituztela aurreratu dute.


 Iñigez Karkizao kaleko obretan trazatua berritzea, eta inguru horretako trafikoaren joan-etorria arintzea izango dira lanak egitearen arrazoi nagusia. Inguru horretan, oinezkoentzat zen bidea ibilgailuentzat egokituko dute. Hori egin ahal izateko, Pedro Mugurutza etorbidea eta Iñigez karkizaoko etxeak lotzen dituen lurrazpiko pasabidea kendu eta pasabide berri bat eraikiko dute, hori ere trenbidearen azpitik. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak aurreratu duenez, hasiera batean ez zegoen aurreikusita lurrazpiko pasabide berri bat egitea, baina “eginda hobe” izango dela ondorioztatu dute eta egin egingo dute azkenean. Lanak aste honetan bertan hasiko dituztela jakinarazi du. Era berean, lan guztiak urriaren 22rako amaituta egotea espero du Etxeberriak. Orduan hasiko dira ibilgailuak bertatik pasatzen, egun egiten duten alderantzizko noranzkoetan baina.

1706638108376 Erabiltzeko moduan dago Ikastola aurreko aparkalekua

1706638108455 Erabiltzeko moduan dago Ikastola aurreko aparkalekua

Aldaketak noranzkoetan
 Pedro Muguruza etorbidearen eta Gabriel Krutzelaegi kaleen noranzkoak aldatuko dira lanak amaitzean. Hala, Madalatik Elgoibar Ikastolara joateko, adibidez, Ermuaran Bide kaletik hasten den aldapa igo beharko da, baina berriz herrira bueltatzeko aurrera jarraitu beharko da, Gabriel Krutzealaegi eta Iñiguez Karkizano kaleak zeharkatuz. Urruzunoko etxe berrien parean, trenbidea azpitik pasa eta Pedro Muguruza etorbidean gora Madalara itzuli arte.

1706638108553 Erabiltzeko moduan dago Ikastola aurreko aparkalekua

Trenbide gaineko pasabidea Toletxe parean
 Toletxegain geltoki inguruan eraiki beharreko trenbide gaineko pasabideari dagokionez, barixaku honetan amaitzen da lanak egiteko eskaintzak jasotzeko epea. Aukera ezberdinak aztertu eta lanak adjudikatu ostean, urriaren bukaera alderako lanak hasteko moduan izango direla azaldu du Elgoibarko alkateak.