Iratzargailuak esnatu ditu gaur Elgoibarko eta Mendaroko ume asko. Etxeko txikienei bukatu zaizkie oporrak. Eskola liburuak motxilan sartu eta eskolarako bidea hartu behar izan dute, nahitanahiez, ikasturte berriari ekiteko. Autobusean batzuk, autoan besteak eta oinez gainerakoak joan dira eskolara.
Oin Alai ekimena ere gaur abiatu da. 55 ume daude, momentuz, izena emanda eta, horien bidelagun izateko prest dauden boluntarioak, berriz, hogei dira aurten. Santa Anako geltokia berreskuratu dutela jakinarazi dute Udaleko arduradunek, baina, aldiz, Herri Eskolara joateko ibilbidean, Melitonetik zetorren adarra bertan behera laga dutela azaldu dute, boluntario faltagatik. Dena dela, izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi dute. Era berean, eskolara oinez joatea sustatzeko helburuarekin sortu zen ekimenak indarrik gal ez dezan, Elgoibarko Udalak hainbat jarduera jarriko dituela martxan jakinarazi du. Besteak beste, iaz hasitako bidetik, erosketa bonoak zozketatuko dituzte boluntarioen artean.