Hirurogehi neska-mutilekin hasiko du denboraldia Sanloren Eskubaloi Eskolak zapatuan

elgoibarren.net 2012ko ira. 6a, 18:21


Datorren zapatuan, hilaren 8an, aurkeztuko du Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeak 2012-2013 denboraldiko Eskubaloi Eskola. Hori dela-eta 2001 eta 2002 urteetan jaiotako neska mutilei -60 bat daude izena emanda- Olaizaga kiroldegira joateko dei egin diete Sanloko arduradunek.

 


Eskubaloi Eskolaren aurkezpena 10:00etan hasiko da. Eskubaloian trebatzen hasteko zenbait ariketa eta jolas egingo dituzte lehenik kiroldegian batuko diren neska-mutilek. Gero, gazteok entrenatzeko ardura izango duten entrenatzaileen aurkezpena egingo dute eta beharrezko azalpenak jasoko dituzte jokalari gaztetxoek, hala nola, entrenamenduen ordutegiak eta antzerakoak. Ondoren, 12:00etan, gurasoekin bilera bat egingo dute Sanlokoek. Denboraldian egingo dituzten ekintzen berri jasoko dute gurasoek: Gabonetako Txapelketaren inguruko xehetasunak, Baionako txapelketari buruzkoak eta asteburutako irteerak, besteak beste.