San Bartolome jaiek izan duten “kalitatea”eta “armonia” nabarmendu dituzte Udal arduradunek

elgoibarren.net 2012ko ira. 7a, 11:48

{youtube}-bWenbCQOL4{/youtube}San Bartolome jaien balorazioa egin dute Udal agintariek. Bizi izan den giro ona eta herritarren inplikazioari esker “maila altuko jaiak” izan direla nabarmendu dute. “Eguraldi zoragarriaren babesean, kalitatea, armonia eta intzidentziarik eza dira aipatzekoak”, azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Ildo berean, jai “nahiko lasaiak” izan direla azaldu dute Udaltzaingotik. Puntu beltz bat aipatzekotan, Baserritarren Eguna eta gero, gauean, lapurretak asko ugaritu izana aipatu du udaltzainburuak (ikus Udaltzaingoaren txostena PDFan).

ARGAZKIAK: (Argazki guztiak PICASAN)

Jaien balorazioa egin dute Blanca Salegik, Amaia Txurrukak, Alfredo Etxeberriak eta Javier Oñederrak.

Udaleko kultur arduradunek eta Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak egunez eguneko jaien balorazioa egin dute. Hasteko, musikaren osagarri ikuskizun eszenikoak programan sartzeko erabakiak fruitu onak eman dituela azaldu dute. “Aurten, ikuskizun horiek bere horretan mantendu ditugu, eta emaitza oso positiboa izan da. Alde batetik, hilaren 23ko antzerkiaren kalitatea nabarmendu behar da, eta bestetik, Zirku Txinatarrak, ikusleei dagokienez, izandako arrakasta handia. Espero zena baino jende gehiago bildu zen, eta ikuskizunak zur eta lur utzi zituen ikusleak. Beraz, aurrerantzean ere, mota ezberdinetako kultur ikuskizunak antolatzearen aldeko apustua egingo dugu. Gauez, Kalegoen plazan izan ziren gainerako jardueren artean, Oihan Vegaren kontzertuak ere gazte asko bildu zituen. Aipamen berezia merezi dute Moby Dolls taldearen debutak eta Columpio Asesino taldearen saioak. Hurrengo edizioetarako, aipatutako ikuskizunen kalitatea hobetze aldera, eta aukera gehiago izateko, gustura hartuko genituzke elkarlanerako prest dagoen ororen aholkuak eta gidaritza”.
  Baserritarren Egunari dagokionez, antolatutako txapelketen kalitatea nabarmendu dute udal ordezkariek, “antolakuntza bikaina eta era honetako jardueretan parte hartu ohi duten herritarren nahiz kanpokoen asistentzia azpimarratzekoak izan ziren, izan ere, ezaguna baita Elgoibarrek nekazal gunearekiko izan duen konpromisoa. Bai Limousin Ganadu Lehiaketa, aurten Euskadi mailakoa izan dena, bai Sallobente Elkarteak antolatutako Sagardo Lehiaketa, bai Kalamua Elkarteak sustatzen dituen Gaztaren eta Harri-jasotzaileen lehiaketak, gaur egun, gure mugetatik haragoko erreferente dira. Gure Baserritarren Egunak ez dauka oraintsu ospatu den Ordiziako feriaren inbidiarik”, azaldu du Etxeberriak. Gazta lehiaketa irabazi zuen Mausitxa ere zoriondu du.
Lapurreten ugaritzea
  Alde ilun bat ere izan zuen, baina, Baserritarren Egunak. Egunak baino gehiago ilunak egunari gain hartu zion momentuak. Gau horretan galdutako gauza asko jaso zituzten-eta udaltzaingoan, sakelako diru-zorroak batik bat. Era horretako 29 objetu jaso zituzten orotara, iaz hiru baino ez zirenean izan. Lapurrek diru zorro asko ostu zituzten eta baliozko gauzak hartu ostean diru-zorroak bota. Horiek dira Udaltzaingoan bukatu zutenak. Askok dokumentazioa zutenez, 23 beren jabeei itzultzeko aukera izan dute udaltzainek. 
  Mauxitxa txarangaren eta kale kantarien lana eta prestutasuna ere goraipatu dituzte. “Elgoibartarrontzat ez dago kaleko animazio hoberik Mauxitxa Txaranga baino. Elgoibarko Kale Kantariak taldearen inplikazioa ere aipatzekoa da. Berau, sendotuz joan da, euskal kultura eta kantagintza errotik sentitzen duten elgoibartar batzuei esker. Eta, nola ez! Baltzola anaiak, gure musika-tresnak diren trikitixa eta panderoarekin, beste urte batez kaleak alaitu dituzte-eta”.

Sokamuturraren arrakasta eta arriskua
  Sokamuturraren arrakasta ere aipatu du alkateak. “Jaietako ekitaldirik herrikoiena eta maitatuena izan da beste behin ere. Azpimarragarria da ikusle eta korrikalarien kopurua, baita istripurik eza ere. Sokamuturrean ez da aparteko larrialdirik izan. Hala ere, balorazio hau aprobetxatu nahi dugu adierazteko 16 urtetik beherako gaztetxoek erabat debekatuta dutela sokamuturraren ibilbidearen barruan aritzea. Horiek, hesietatik kanpo egon behar dute, eta gurasoei dei egiten diegu kontu honetan amore ez emateko, aseguruak ez ditu-eta hamasei urtetik beherako gazteak estaltzen. Hori horrela, denon artean araudi hori bete beharko dugu, baina kontuan izan behar da, gurasoen laguntzarik gabe oso zaila dela egiteko hori Udalarentzat”.

  Jai guneetatik gertu bizi diren herritarrek jasaten dituzten eragozpenak ere gogoan izan ditu Etxeberriak. “Barrakak direla eta, oso zaila izaten da barraken eta Euskadiko Limousin Ganaduaren Lehiaketaren kokapena bateragarri egitea, eta inguruan bizi direnei ahalik eta trabarik gutxien eragitea. Ahalegina egiten da ahalik eta barraka gehien ekartzen eta Plaza Txikian antolatzen diren ekitaldietarako nahikoa leku uzten. Jakitun gara honek guztiak eragozpenak sortzen dituela bertako bizilagunengan, horregatik, eskertu nahi diegu beraien pazientzia eta kolaborazioa. Plaza Txikiaren inguruan irekitako jai-gune honek, Maalako gunearekin batera, biak herriaren erdigunean izanik, jaiak kalean bizitzeko beharrezkoak dira. Beste hainbeste Maalako guneari dagokionez, txosnak kokatzeko lekua eta gaueko giroa biltzen den gunea. Eskerrak guzti-guztiei kolaborazioagatik”.

  Kirol jardueren inguruan, pilota enpresek Elgoibarrera euren onena ematera etorri eta ohiko pilota partidak mantentzeko egin duten ahalegina eskertzekoa dela esan du alkateak. Ostalaritza sektoreari ere eskerrak eman nahi izan dizkio “egun estra bat antolatzeagatik”.

Herriko elkarte eta kolektiboei eskerrak
  Udal agintariek eskerrak eman nahi izan dizkiete herriko elkarte eta kolektiboei, “izan ere, horiek gabe ezin izango genuen Elgoibarko jaien egitaraua behar bezala bete. Beraz, aipatzekoak dira: Elgoibarko kirol kluba, Sanlo E.T., Lagun Taldea, Gure Bide Elkartea, Txistularien Udal Banda, Musika Udal Banda, Haritz Euskal Dantzari Taldea, Dultzaineroak, Mauxitxa Txaranga, Parrokiako Abesbatza, Kalamua Elkartea, Sallobente Elkartea, Elkarte gastronomikoak, Batzokia, Ongarri Argazkilaritza, Zuhaitz Taldea, Danborrada Taldea, Elgoibarko Izarra, bertsolariak, katekistak, Maalako jai batzordea, Gazte Asanblada…; talde horiek baitira San Bartolome jaietako antolakuntzaren oinarri. Ezin esan gabe utzi Udaltzaingoak, Udal lantaldeak eta Mankomunitateak egindako lan bikaina. Zerbitzu horiek dira ahalbidetzen dutenak jaiak intzidentziarik gabe pasatzea”.

  “Elgoibartarrok gara jaiei bizitasuna ematen diegunak. Lan eginez, kolaboratuz, inplikatuz, eta gozatuz, errespetuz eta kontsiderazioz, bizikidetza hobetzen jarraitu behar dugu Elgoibarko herriari jai zoriontsuak eskaintzeko”, amaitu du balorazioa Alfredo Etxeberriak.