Herritarren parte-hartzea arautu nahi du Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2012ko ira. 11a, 11:23

Herritarren parte-hartzea sustatu nahi du Elgoibarko Udalak, hala, herritarrek eguneroko erabakietan parte hartzeko erraztasun handiagoa izan dezaten. Elgoibartarren eta Udalaren arteko harremana sustatu ahal izateko, baina, parte-hartzea arautu nahi dute lehenik. Hori ere herritarren eta eragileen parte hartzearekin egin nahi dute eta trebakuntza saioak izango dituen plangintza prestatu du Udalak, Aztiker enpresarekin elkarlanean.


 Herritarren parte hartzea arautzea Legealdi Planean jasotako helburuetako bat dela gogora ekarri du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Herritarren eta Udalaren arteko harremanak araututako esparru batean gauzatzen badira eraginkorragoak izango direla uste dute Udal agintariek eta herritar, eragile eta politikarien proposamenak jaso nahi dituzte araudia egin ahal izateko. 
Herritarrentzako lehen saioa irailaren 20an
 Elgoibarko gazte lokalen erabiltzaileen eta udal ordezkarien arteko prozesu parte hartzaileaz, 2010ean, arduratu zen Aztiker enpresak egingo du parte hartze prozesuen diseinua eta dinamizazioa. Hil honetan trebakuntza saioak egingo dituzte. Horietan herritarrekin aztertu eta landuko dute zer arautu behar den eta zer ez. Hiru talderekin egingo dute lan Aztikerrekoek: Politikariak, udal teknikariak eta, azkenik, eragile eta herritarrekin. Parte hartzeak izan beharko lituzkeen ezaugarri ideologikoak eta teknikoak landuko dituzte, besteak beste, saioetan eta parte hartzearen indarguneak eta ahulguneak nabarmenduko dituzte. Herritarrek eta eragileek parte hartu ahal izango duten lehen saioa irailaren 20an, eguena, izango da, Kultur Etxean, 18:30etik aurrera. Ez da izenik eman behar bertan parte hartzeko. Herritarrentzako bigarren saioa, berriz,  irailaren 27an izango da.

 Urrian eta azaroan izango du jarraipena prozesuak. Trebakuntzarako bi saioen ostean, beste hiru saio egingo dituzte-eta. Azken saioan denek batera hartuko dute parte ondorio nagusiak partekatzeko.

 “Udalari oposizioa egiteko tresna baino, egunerokotasuneko gai asko hobeto kudeatu ahal izatea eta herritarren iritziak kontutan hartu ahal izatea da egitasmo sinple honen helburua”, argitu du Alfredo Etxeberriak. “Parte hartzea tresna baliagarria izan daiteke baliabideak kudeatzeko eta herritarren eta Udalaren arteko harremanak bideratzeko. Hori dela-eta garrantzitsua da, denon onerako, parte-hartzea arautzea”, gaineratu du.