Maite Maiorak Arno Trail Race mendi lasterketa irabazi du

elgoibarren.net 2012ko ira. 11a, 14:06

Indartsu hasi du iraila Maite Maiorak. Joan den irailaren 2an Lezamako Mugetatik mendi lasterketa irabazi zuen eta joan den domekan, berriz, etxetik gertu lortu du garaipena, Arno Trail Sprint Race mendi lasterketan, hain justu ere. Mendaroko eta Elgoibarko zazpi lagunek hartu zuten parte Kalbaixotik hasi eta Arnoko tontorrean amaitu zen proban. (sailkapenak eta argazkiak dauzka)



 Hirugarren Arno Trail Sprint Race mendi lasterketa jokatu zen joan den domekan, irailaren 9an. Parte hartzaileak Kalbaixo aurretik hasi ziren antxitxika eta 7,56 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten Arnora igotzeko. Antolatzaileek ibilbidea aldatu dute aurten eta gogorragoa egin dute. Gogortasunak, hala ere, uxatu beharrean erleak eztira moduan erakarri ditu parte hartzaileak. Hala, iaz baino lagun gehiagok, 64k orotara, hartu zuten parte proban. Ibilbidearen gogortasuna eta edertasuna nabarmendu zuten, gainera, gehienek amaieran. Gizonezkoetan, Bilboko Elassam o Ubaddi izan zen bizkorrena, 39:18 denborarekin. Gotzon Zulaika eta Iñaki Gil mendaroarrek lehen hamar postuetan sailkatzea lortu zuten. (ikus sailkapenak)
 Emakumezkoetan Maite Maiorak ez zuen areriorik izan eta ia hiru minutuko aldea atera zion Arnoko gainean Leire Fernandez errenteriarrari. Sailkapen nagusiko 16. postuan iritsi zen helmugara mendaroarra.Pilar Arriolak ere zapaldu zuen podiuma, beteranoen mailako onena izan zen-eta korrikalari elgoibartarra.
Lezamako Mugetatik proban irabazle
 Astebetelehenago ere garaipen garrantzitsua lortu zuen Maiorak Lezamako Mugetatik mendi lasterketaren zazpigarren ekinaldian. Lasterketan 263 korrikalarik hartu zuten parte eta ibilbidea 218k bukatu zuten. Han ere, aurreko urteetan baino hiru kilometro gehiago (28 kilometro orotara) egin behar izan zituzten parte hartzaileek, eta, gainera, korrikalariek 200 metro gehiago igo behar izan zituzten (1.200 metro orotara). Maiorak bi ordu eta 38 minutuan amaitu zuen proba. (Ikus Lezamako Mugetatik mendi lasterketako sailkapenak/PDF).
Laugarren postua Espainiako Kopako azkenengo proban
 Aurrekoez gain, Otañesen (Kantabria) jokatu zen Trail RAE, Espainiako Kopako azkenengo proban laugarren postua lortu zuen Maiorak, abuztu amaieran. Oihana Kortazarrek irabazi zuen proba eta, honenbestez, Espainiako Kopa txapelketa, lasterketa guztiak irabazi ditu-eta elgetarrak. (ikus probaren laburpena honako bideoan)
III. Arno Trail Sprint Race lasterketako elgoibartarren eta mendaroarren sailkapenak:
  6. postua Gotzon Zulaika (44:08)
  9. postua Iñaki Gil (46:54)
  16. postua Maite Maiora (49:45)
  21. postua Igor Rey (50:48)
  29. postua Iosu Juaristi (53:24)
  47. postua Pilar Arriola (1:02:55)
  48. postua Asier Arrieta (1:02:57)

1706638103603 Maite Maiorak Arno Trail Race mendi lasterketa irabazi du

 

1706638103665 Maite Maiorak Arno Trail Race mendi lasterketa irabazi du

Gotzon Zulaika.

Igor Rey (eskuinean).

Iosu Juaristi.

Maite Maiora, Otañesen, Kantabrian.