Idotorbeko rolleski igoera irailaren 15ean egingo dute

elgoibarren.net 2012ko ira. 12a, 10:11

 
Iaz urriaren 12an, San Pedroko Txirrindulari Igoerarekin batera, egin zuten Rolleski igoera irailaren 15era aurreratzea erabaki dute aurten, urriaren 12an jai-zubia egokitu dela-eta. Berrikuntza modura, giharrak berotzeko, Azurkira igo ahal izango dute hala nahi duten parte hartzaileek.


 Hirugarren urtez egingo dute aurten Idotorbera Rolleski igoera. 2009an Morkaikok antolatzen duen Finalista Egunarekin bat egin zuen, eta urtebeteko atsedenaren ostean, iaz egin zuten bigarrengoz. San Pedroko txirrindulari igoeraren ostean irten ziren iaz Rolleski proban parte hartu zuten 24 lagunak eta bide bazterretan batutako ikusleek Tolosako Joseba eta Imanol Rojo anaien erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.
Urriaren12 jai-zubian egokitu dela-eta irailaren 15ean egingo da aurten Rolleski igoera. 11:30ean izango da irteera ordua, Idotorbera igotzeko aldapa hasten den bidegurutzean, Santa Klara kalean. Izenematea Internetez edo Kalegoen plazan egin ahal izango da egunean bertan. Doakoa izango da. (hona hemen igoeraren xehetasunak)

Azurkira entrenamendu gisa
 Idotorbeko aldapa pikoak igotzearekin nahikoa ez dutenentzat entrenamendu saio berezia antolatu dute antolatzaileek. Eta ez edonolako entrenamendua, gainera, Maripotzuraino (Azurki) igotzea proposatzen diete-eta rolleski zaleei. Euskal Herriko Rolleski Ligako jardunaldi berri bat ate joka dagoela-eta, -Artikutzan egingo dute Ligako laugarren saioa irailaren 29an- ligan parte hartzen diharduten kirolarientzat entrenamendu aproposa izan daitekeela pentsatu dute antolatzaileek. Hortaz, hala nahi duten kirolariek, IMHren bidegurutzean agertu beharko dute 8:30ean. Handik Azkarate alderantz abiatuko dira. Maripotzuraino 10 bat kilometroko ibilbidea eta 650 metroko igoera osatu beharko dute. Antolatzaileen autoetan jaitsi ahal izango dira parte hartzaileak Idotorbeko Igoerako irteeran egon ahal izateko.

•2011ko Idotorbeko Rolleski Igoerako argazkiak: