Atletismoa eta festa uztartuko ditu Gau krosak irailaren 21etik 22ra

elgoibarren.net 2012ko ira. 12a, 12:27

Gau kros herrikoiaren hirugarren ekinaldia antolatu du Mintxeta Atletismo Taldeak irailaren 22rako. Atletismoaren kontura herria girotzeaz gainera, Juan Mugerza krosa antolatzeko dirua batzea izango da, beste behin ere, helburu nagusia. Asmo horretan, asteburu osorako festa antolatu dute Lekueder parkean. Izena emateko epea ere zabalik dago, www.kirolprobak.com atariaren bitartez egin daiteke. (Egitaraua dauka)


 Gau krosaren estreinako edizioan 168 lagunek hartu zuten parte eta Pedro Maria Muñoz del Pozo azkoitiarra eta Ainhoa Lendinez elgoibartarra izan ziren azkarrenak. Iaz, berriz, 200 lagunek egin zuten antxitxika eta Yeray Varela oñatiarra eta Cristina Loeda eibartarrak egin zituzten markarik onenak, euripean jokatu zen lasterketan.

1706638102854 Atletismoa eta festa uztartuko ditu Gau krosak irailaren 21etik 22ra

Aurtengo Gau krosean parte hartu nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena aurrez, baina egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. Lasterketa 20:00etan hasiko da eta korrikalariek 7,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Elgoibarko kaleetan barrena. 16 urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte lasterketa nagusian, baina horren aurretik guraso eta umeentzako lasterketa ere izango da, 18:30ean hasita. Lasterketa bukatutakoan, opariak egongo dira haur guztientzat.
Elgoibarko Gau krosaren inguruko informazio osoagoa Mintxeta Atletismo Taldekoek sortu duten honako webgunean topatuko duzue:

Atletismo Jaia
    Lekueder parkean egingo dute Atletismo jaia irailaren 21etik (barixakua), irailaren 22ra (zapatua) gauera arte eta egitarau zabala prestatu dute Mintxetakoek. Barixakuan zein zapatuan, lasterketa bukatu ostean, afaltzeko aukera izango da karpa ofizialean. Menua 11 eurokoa izango da, baina pintxoak dastatzeko aukera ere izango da. Barixakuan eta zapatuan bertsolariak eta musika ekitaldiak izango dira.
Egitaraua
Barixakua, 21
  • 18:30 Karparen irekiera
  • 18:30-20:00 Dortsala eta txiparen jasotzea eta izen emateak 
  • 21:00 Afaria. Menua: Eusko-Labeldun saiheskia
  • 22:30 Bertso saioa
  • Ondoren, euskal kanten erromeria
Zapatua, 22
  • 18:30 Haurren lasterketa gurasoekin
  • 20:00 Elgoibarko Gau kros Herrikoia, bukaeran oparien zozketa eta sari banaketa
  • 21:00 Afaria. Menua: Eusko-Labeldun saiheskia, patatak, entsalada, flana eta kafea. Edaria aparte. Prezioa 11€, korrikalariak 2€-ko deskontua afarian.
  • 22:00 Melissa and The Jacks taldearen kontzertua (U2, Police, Sting, Bryan Adams, Peter Gabriel,…taldeen bertsioak egiten dituzte)
  • Ondoren, euskal kanten erromeria

   * Antolakuntza lanetan diharduen Zigor Diezek iaz BARREN astekariari eskaini egin elkarrizketa osoa