Alcortak Euskadiko Kopako partida jokatuko du, gaur, Egiaren aurka

elgoibarren.net 2012ko ira. 12a, 15:18

Euskadiko Kopa txapelketako partida jokatuko du gaur (irailak 12) Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak Donostiako Egia taldearen aurka, Kiroldegian (19:30). Eskubaloiarekin jarraituz, Logroñoko Naturhouse La Rioja taldean diharduen Unai Arrieta elgoibartarrak ere gaur jokatuko du Asobal Ligako denboraldi honetako estreinako partida Atletico de Madrid talde indartsuaren aurka. Teledeporte kateak zuzenean emango du norgehiagoka, 20:30etik aurrera.


  Alcorta Forging Group, Sanlo Eskubaloi Taldeko senior gizonezkoen taldeak, iaz igoera lortu eta gero, Espainiako 1. Mailan jokatuko du 2012-2013 denboraldia. Estreinako partida irailaren 23an jokatuko dute Somos Eibar eskubaloi taldearen aurka, Eibarren. Auzokoez gain, elgoibartarrek Salamanca, Soria, Zaragoza eta Kantabriako eskubaloi taldeak izango dituzte aurkari euren multzoan.
  Liga Txapelketa hasi aurretik baina, Euskadiko Kopa jokatzen ari da Alcorta taldea. Lehen fasean Zumaiako Pulpo, Eibar Eskubaloia eta Egiaren aurka neurtu behar zituzten indarrak. Lehen partidan 21-23 hartu zuten mendean Pulpo taldea. Bigarrengoan, aldiz, Eibar Eskubaloiaren aurka amore eman behar izan zuten eta 13 goleko aldeaz galdu zuten Eibarren. 33 eta 20 izan zen azken emaitza. Lehen faseko azken partidan Donostiako Egia taldea hartuko dute elgoibartarrek etxean, Olaizaga kiroldegian. Taldera batu diren jokalari berriak lehendik daudenekin nola moldatzen diren ikusteko aukera berri bat eskainiko du 19:30ean hasiko den partidak.

Sanloren denboraldi berrirako aurkezpen bideoa
{youtube}vgz-dSkib0w{/youtube}