Danele Sarriugartek jaso du aurtengo Igartza literatur beka

elgoibarren.net 2012ko ira. 14a, 10:41

 
Danele Sarriugarte elgoibartarrak irabazi du Igartza literatur saria, Mamuak nobela proiektuarekin. 6.000 euroko diru saria jasoko du, erdia orain, eta gainerakoa behin lana osaturik duenean. Urtebeteko epea izango du liburua bukatzeko. Sarriugartek “ilusioz” hartu du saria, bere aurreneko lana argitaratzeko ”bultzada handia” izango baita.



  Idazle gazteak hauspotzeko asmoz Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten literatur saria da aurten hamabost urte bete dituen Igartza literatur beka. 35 urtetik beherako idazle gazteei zuzendua, parte hartzaileek gehienez bi liburu izan ditzakete argitaratuak. Igartza Sariak ez ditu bukatutako liburuak saritzen, proiektuak baizik, irabazleak aurkeztutako proiektua gauzatzeko beka bat jasoko duelarik.
 2005eko Igartza Saria irabazi zuen Uxue Alberdi elgoibartarrak, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak hamabi lanen artean egin behar izan du aurtengo aukeraketa, eta, azkenean, aho batez hartu du Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) Mamuak eleberri proiektua saritzeko erabakia.
  Emakume obsesibo bat izango da 'Mamuak' eleberriko pertsonaia nagusia eta kontalaria. Istorioak kontatzen du nola bikotekideak utzi duen emakume batek, obsesiboki, bere izaera berraztertzen duen. “Nobela krisi edo egoera aldaketa bortitz batekin hasten da, kasu honetan maitasun-harreman baten amaiera. Pertsonaia nagusiak orduan harreman osoa birgogoratuko du, hori baldintzatu duten mamu edo obsesio pertsonalei arreta berezia emanez. Neurri batean edo bestean pertsona guztiok dauzkagun neurosiak dira liburuaren gai nagusia”, azaldu du Sarriugartek. Elearazi blogean irakur dezakezue Garazi Arrula, lagun eta lankideak, Danele Sarriugarteri Igartza saria jaso berritan egin dion elkarrizketa.

elearazi.org webgunearen sortzailea
  Itzulpengintzan lizentziatua da Danele Sarriugarte, eta lagun batekin batera, elearazi.org webgunearen sortzailea (ikus hemen BARREN astekariari eskainitako elkarrizketa). Letren munduarekin lotura izan badu ere, blogean idatzitakoez harago, orain arte ez du bere testurik inon argitaratu. Idazten hasteko pauso hori ematerako garaian, sari hau “bultzada handia” izango dela uste du. Izan ere, ”horrelako sari batek erosotasun bat ematen du, alde batetik, badakizulako gauzak ondo eginez gero argitaratuko dutela. Eta bultzada hori ematen du, diru sarrera bat ere badelako. Eta animoa autoestimu aldetik, esaten dizutelako hasi duzun hori saritzeko modukoa dela”. Bekari esker, urtea libre hartu eta buru-belarri idazten hasteko asmoa du. Izan ere, bekak ematen dion babesarekin, lana hasi eta bukatu egin nahi du, sariak berak, proiektuari lehentasuna ematea eskatzen diolako. “Hau nire kabuz bukatu behar banu, denbora asko pasa beharko litzateke, eta jende askok horregatik uzten du erdibidean”.

Igartza Sariaren irabazleak, urtez urte
  Igartza saria banatzen hasi zirenetik hiru elgoibartarrek, hirurak emakumeak, jaso dute Igartza saria. Korapiloak liburuaren proiektuagatik jaso zuen Jasone Osorok beka 1999an eta Uxue Alberdik, berriz, 2005ean Aulki bat elurretan lanagatik.
  • 1998. Julen Gabiria, Connemara gure bihotzetan.
  • 1999. Xabier Etxeberria, Egun denak ez dira berdin. Akzesita: Jasone Osoro, Korapiloak.
  • 2000. Fernando Morillo, Ortzadarra sutan.
  • 2001. Unai Elorriaga, Van't Hoffen ilea.
  • 2002. Julen Gabiria, Han goitik itsasoa ikusten da.
  • 2003. Asel Luzarraga, Karonte.
  • 2004. Karmele Jaio, Amaren eskuak. Akzesita: Peru Magdalena, Lile.
  • 2005. Uxue Alberdi, Aulki bat elurretan.
  • 2006. Jon Martin, Ero.
  • 2007. Katixa Agirre, Habitat. Akzesita: Irati Jimenez, Nora ez dakizun hori.
  • 2008. Eider Rodriguez, Katu jendea.
  • 2009. Uxue Apaolaza, Hiltzailea.
  • 2010. Garazi Kamio, Gerizpeko panpinak.
  • 2011. Goiatz Labandibar, Interrail.
  • 2012 Danele sarriugarte, Mamuak.