Herriko auzo guztietara ailegatuko da 5. edukiontzia aste honetan

elgoibarren.net 2012ko ira. 14a, 17:41

Urte hasieran, Elgoibarren eta Eibarren ekin zitzaion bosgarren edukiontzia –marroi kolorekoa- erabiltzeko kanpainari, eta Debabarrenako mankomunitateko arduradunek jakinarazi dutenez, “harrera ona” egin diote herritarrek. Mila bat familiak -parte har zezaketen 5.000etatik- eman zuten izena kanpainan, hau da, %20ak. Aste honetan herriko auzo guztietan jarriko dituzte edukiontziok.


  Elgoibar, Eibar, Ermua eta Soraluzera hedatu du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak biohondakinak berezituta jasotzeko sistema. Etxe atarietan jarritako informazio karteletan eman behar zen izena, irailaren 11a baino lehen, baina hala egin ez dutenek ere izango dute izena emateko aukerarik: Herritarren Arretarako bulegora joz edo 943 670 249 telefonoetara hots eginez eman daiteke izena.
 Dagoeneko izena eman dutenek, etxean jasoko dute –doan- hondakin-bereizketa egiteko behar diren osagaien kita, dagozkien azalpenekin.
Mankomunitatetik adierazi dutenez, harrera ona izan du Elgoibarren eta Eibarren egin duten esperientzia pilotuak. Orain, berriz, aipatutako herrietan ere jarriko da, mailaka, edukiontzi marroia. Horrenbestez, ingurumena zaintzeko aukera emango zaie 59.000 herritarri (22.000 bat familia), hondakin organikoak bereiz jasoko baitira. Hasieran, Eibarren eta Elgoibarren abiaraziko da ekimena, eta, ondoren -urrian- Ermuara zabalduko da; azaroan, berriz, Soraluzera.
Mankomunitatetik zabaldutako kalkuluren arabera, etxe bakoitzean sortzen den zaborraren %43 inguru organikoa da, eta behar bezala bereizi, poltsa biodegradagarritan sartu eta edukiontzi marroietara botaz gero, konpost (ongarri) bihur daiteke. Begetal-jatorriko hondakinak -frutak, barazkiak, lekariak, ortuariak, pasta, loreak eta abar-, animalia-jatorrikoak -haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta dagozkien azalak edo hezurrak- eta sukaldeko papera, ezpain-oihalak eta paperezko zapiak, arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, kortxo naturalak eta txotxak dira, besteak beste, etxeko zabor organikoa.
Era berean, Elgoibarko Udaleko arduradunek birziklapenaren aldeko sentsibilizazio kanpainarekin jarraituko dutela adierazi dute. “Edukiontzi marroiak herri osora zabaldu ostean sentsibilizazio kanpainarekin jarraituko dugu, honakoa ez dela egun batetik besterako kontua ahaztu gabe, 2020rako lortu behar ditugu-eta Europatik eskatzen dizkiguten emaitzak”, azaldu du Alfredo Etxeberriak.

Edukiontzi marroiak jarri eta berdeak kendu
  Aurreikusitako edukiontzi marroi guztiak jarri eta gero berde asko soberan egongo direla argitu du Etxeberriak. Hala, marroiak erabilera kopuru zehatz batera ailegatzen direnean erabilera baxuena duten edukiontzi berdeak kenduko dituzte. “Gaur egun zaborraren %43 inguru organikoa bada, kopuru hori marroietan jasotzera iristen garenean, edukiontzi berdeen erdiak soberan izango dira”. Orain hurrengo edukiontzi berdeen erabilera neurtzen hasiko diela aurreratu du Etxeberriak eta gutxien erabiltzen direnak –dagoeneko begiz jota dituzte batzuk- erretiratu egingo dituzte. Horrek zaborraren kudeaketa merkatuko lukeela adierazi du Elgoibarko alkateak. “Edukiontzi hau berdea baino merkeagoa da bai Udalarentzat, bai herritarrentzat. Izan ere, Udalak ezin die kobratu herritarrei zaborrak biltzeko zerbitzua kostatzen dena baino gehiago”.

Hobariak saritzat
  Debabarreneko Mankomunitateak hainbat neurri berri jarri nahi ditu, “epe luzera”, edukiontzi marroiak erabiltzearren ematen diren hobariak era egokian kudeatzeko. Hala, Hirigintzako zinegotzi Ricardo Garatek azaldu duenaren arabera, “luzera, etxe bakoitzak txartel digitala izango du, eta horri esker, bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenak identifikatu ahal izango dira. Hori dela-eta, “jarduera hau tarteko, hobariaren ondorioz egiten diren deskontuak fakturan bertan ezarri ahal izango zaizkie birziklapen mota hau erabiltzen duten familiei”.