Otegik barkamena eskatu die ETAko ekintza armatuen biktimen senideei

elgoibarren.net 2012ko ira. 17a, 15:46

Arnaldo Otegiren azken urteetako ibilia bildu du Fermin Munarriz kazetariak El tiempo de las luces izeneko elkarrizketa liburuan. Liburua, Gara egunkariarekin batera, hilaren 28an, salduko duten arren, aurrerapen moduan, hainbat pasarte argitaratu ditu Garak. Otegiren berbak zeresan handia ematen ari dira.


 2005etik gaur egunera arteko bidea nolakoa izan den kontatzen du Otegik El tiempo de las luces liburuan, tartean Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioak, Genevan. Horrez gain, ETAko ekintza armatuen biktimen senideei barkamena eskatu die Otegik. "Ezker abertzaleak sortutako mina aitortu du, eta nik urrunago joan nahi dut. Bozeramaile gisa ETAren ekintza armatuen biktimen familiei min, sufrimendu eta umiliazio izpirik eragin badiet, hemendik barkamena eskatu nahi diet, 'sentitzen dut, bihotzez' batek lagunduta".
 Borroka armatuaz galdetuta, Otegik dio "ETAko militantea" izana dela, frankismo garaian borroka armatuan aritu zela eta, hortaz, ulertu duela "salbuespenezko baldintza politiko eta sozialak" daudela: "Horretan ez naiz hipokrita. (...) Inork gomendioa eskatuko balit zein-nahi baldintzatan erabili beharreko borroka moldearen inguruan, garbi esango nioke borroka baketsuaren eta desobedientziaren bideari heltzeko, arrazoi etiko zein politikoengatik".
Ezker abertzalearen eztabaida estrategikoari ere aipatu du Otegik liburuan. “Ezker abertzalearen trasatlantikoa biratzeko konpromisoa hartu genuenean, nire diagnosia zen ibilbide oso laburra geratzen zitzaiola kostaldearekin talka egiteko", dio Otegik ireki den ziklo berriari buruz. "Gaur egun, independentismoak hegemonikoa izateko gaitasuna du".
Liburua euskaraz
 Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa-liburuaren jatorrizko bertsioa gaztelaniaz idatzia dago. "Ahalegina egiten ari gara ahalik eta lasterren euskaraz argitaratzeko. Euskarazko edizioa azarorako salgai egotea espero dugu", azaldu dute argitarazaileek eta ale bat erreserbatzeko aukera ere eskaini dute honako atarian.
  • El tiempo de las luces liuburuko atal bat sarean irakur daiteke.

 Informazio gehiago: arnaldotegi.com; naiz.info ; eitb.com; berria.info; argia.com