"Ezekiel nora ezean", nerabeei zuzenduriko liburu berri bat kaleratu du Jasone Osorok

elgoibarren.net 2012ko ira. 18a, 12:39

 
Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) duela bi urte kaleratu zuen Ezekiel liburuaren jarraipena da Ezekiel nora ezean. Protagonistak, 15 urteko nerabeak, heldutasunerako bide konplexuan murgilduta jarraitzen du, baina, daraman bizitza zoriontsua aldatu egingo da inoiz ikusi ez duen aita bat-batean agertzen denean. Ezekielen estreinako abenturak nerabeen gustukoak izateaz gain, bi sari irabazi zituen: Juul eta Liburu Gaztea.



 Ezekiel, hamalau urteko mutiko baten fantasia, konplexu eta buruhausteak aurkeztu zizkigun Jasone Osoro idazle elgoibartarrak Ezekiel izenburuko liburuan (Elkar argitaletxea). Haren jarraipena den Ezekiel nora ezean eleberrian, ostera, hamabost urte egin ditu Ezekielek, eta lagunarte jator bat eta neska-lagun moduko bat ere badauzka. Bizitza zoriontsu hori aldatu egingo da, ordea, inoiz ikusi ez duen aita bat-batean agertzen denean: ezagutu nahi luke, batetik, baina baita alde egin izana aurpegiratu ere. Horrez gain, beste hainbat arazo ditu mutilak: arrebarekin eta amarekin dituen eztabaidak, lagunekiko gorabeherak, gustuko bi neskaren artean sentitzen dituen zalantzak…
 Jasone Osorok eguaztenean (irailak 19) aurkeztuko du liburua Donostian. Honako hau gazte literaturako bere zazpigarren lana da. (ikus bibliografia)
 Prentsan eta telebistan lan egin izan du Jasne Osorok, eta gaur egun enkarguzko lanak idazten ditu berbak.net zerbitzuan.