Maraca Diablo, Ina Herr Professorren proiektu musikal berria

elgoibarren.net 2012ko ira. 18a, 13:53

 
Munlet denbora jakin baterako geldituta dagoela baliatuta, Maraca Diablo proiektu musikala abiatu du Ina Herr Professor, Munlet bikoteko gitarra jotzaileak. Munleten egokitzen ez ziren kantuak urteetan gorde ditu mendaroarrak eta Hail Zigurat! izeneko diskoan batu. Sarean entzun daitezke abestiak.




  Munlet musika taldea 2002. urtean sortu zuten Ina Herr Professor eta Anita Lady Fingers mendaroarrek. Orain, “pixoihalak aldatzeko” denbora tarte baterako isildu behar izan dutela baliatuz, Inak Maraca Diablo abiatu du. Tarte luze batean metaturiko kantuak amaitzea lortu du eta gitarra iradokitzaileak eta tempo ertain eta ilunak nagusitzen diren zortzi kanturekin osatu du Hail Zigurat! izenburuko diskoa. Munleten elektro-punk-rock soinutik urrundu eta rock eskema klasikoetatik hurbilago dauden doinuak idatzi ditu mendaroarrak.
  Inak berak grabatu du diskoa El Cubo izeneko bere estudioan, eta grabazioan zenbait musikariren laguntza izan du: Imanol Manterola (Uler 600 eta Karidadeko Benta), Iñaki Larreina baxua eta Alberto Gonzalez elgoibartarraren teklatua. Dena dela, egitasmoaren zatirik handiena Inak hartu du bere gain. (iturria: Nontzeberri)

 

Lotura duten albisteak: