Unibertsitatera batu ostean, aro berria hasi du IMHk

elgoibarren.net 2012ko ira. 21a, 15:20

IMHko Txandakako Ingeniaritza Eskola UPV/EHUra atxikitu ondoren, Prozesu eta Produktuen Berrikuntza Ingeniaritza gradua abian da. Gaur egin dute, hain justu ere, ikasturte akademiko berriaren inaugurazio ofiziala. Bertan izan diren agintari guztiek gaurkoa, sinbolikoki bada ere, egun “berezia” eta “historikoa” dela nabarmendu dute.


 IMH txandakako irakaskuntza sistema ezartzen aitzindaria izan dela Euskal Herrian eta Espainian nabarmendu du Ixaka Egurbide Txandakako Ingeniaritza Eskolaren Zuzendariak. Duela 17 urte martxan jarri zutenetik eragin sozial eta ekonomiko handia izan duela azaldu du eta, Unibertsitate tituluaren homologazioa “bidearen hasiera” besterik ez dela adierazi du. “Honakoa bukatu gabeko proiektua da, erronka eta helburu mordoa ditugu".

  Ildo berean berba egin du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. “Egun zoriontsua” dela gaurkoa esan du, ez bakarrik IMHrentzat, Elgoibarko herriarentzat ere egun garrantzitsua dela adierazi du. “Unibertsitatea ekarri dugu Elgoibarrera eta ez edonolakoa gainera”.
Txandakako ingeniaritzaren proiektua ezin dela inola ere gazteluak airean eraikitzearekin parekatu azaldu du. Aitzitik, ondo funtzionatzen duela “egiaztatuta” dagoen proiektua baita. “Europako gizarte aurreratuenetan, Alemanian zein Frantzian, hedatutako irakaskuntza modua da eta emaitza onak ematen ari dena gainera. IMHk eredua bertakotu du eta hamasei urteko esperientziaren bermea eskaintzen dute orain”. Era berean, lan merkatuan dauden arazoetariko bati irtenbidea emateko tresna baliagarria izan daitekeela arrazoitu du Elgoibarko alkateak. “Belaunaldi ordezkapena behar bezala gauzatzeko aproposa izan daiteke. Erretiroa hartzen duten langileek urteetan pilatutako esperientzia eta jakituria hurrengo belaunaldiei helarazten asmatzen ez badute, galera handia da hori”.

1706638075680 Unibertsitatera batu ostean, aro berria hasi du IMHk

1706638075792 Unibertsitatera batu ostean, aro berria hasi du IMHk

 Hitza hartu duen hurrengo lagunak, Xabier Ortueta AFMrko Zuzendari Nagusiak ere “egun berezia” dela gaurkoa nabarmendu du. “Hamazazpi urte igaro dira martxan jarri genuenetik eta heldutasunera ailegatu garela esan nahi du horrek, baina, era berean, eskuartean zerbait berria daukagun sentsazioa daukat. Berritzailea ere bada-eta”, azaldu du IMHko presidente ere baden Ortuetak. “Aldaketa handia da IMHrentzat. Nolabaiteko klandestinitate horretatik irten gara-eta”. Enplegua sortzeko ere “indar handiko” tresna dela esan du. “Kalitatezko enplegua”,  zehaztu du. Bestalde, txandatze sistemaren alde egingo duten titulazioak han eta hemen ugarituko direla aurreratu du Ortuetak.
 Burua jaso eta egindako lanaz harro egoteko sasoia dela gaineratu du AFMko zuzendariak. “Izugarrizko profesionalak dauzkagu IMHn eta haien lanari zor dizkiegu lorpen guzti hauek. Gainera, honakoa ez da IMHk egiten duen lehen gauza garrantzitsua. Ez. Beste behin ere bide berri bat urratzen ari da IMH hezkuntza munduan. Etengabeko prestakuntzan, esaterako, aitzindariak gara”. IMHra unibertsitatea ekartzeko ahaleginean Bidelagun izan dituzten erakundeak: Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eskertuz amaitu du Ortuetak. “Adegi, Debegesa, Lanbide eta IMHko patronatua ere eskertu nahi nituzke, eta, nola ez, gugan sinistu duten ikasleak eta enpresak”.

 Cristina Uriarte Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordeak txandatzean oinarritutako Espainiako lehen unibertsitate titulazioa dela azpimarratu du.

 Pedro Luis Arias Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordeak bizi dugun krisialdi gogorra izan du hizpide. “Egoera zaila bizi dugu. Lan merkatuan lanpostuak falta dira, baina, batez ere, kalitatezko lanpostuak”. IMHk ikasleei eskaintzen dien prestakuntza malgua "mundu konplexu bati" aurre egiteko eredu egokia iruditzen zaiola esan du Ariasek. “Industria alorreko gure enpresek etorkizunean izan dezaketen arrakastaren arduradunak izango zarete zuek”, bota die aretoan zeuden Txandakako Ingeniaritzako 17. promozioko ikasleei.
  Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan da hitza hartzen azkena. “Krisialdi latz honetatik nola aterako garen ez badakigu ere, badakigu prestakuntza dela bidea. Eta IMHk beharrezkoa dugun balio erantsi hori ematen lagunduko digu”. Mundu guztiak aitortzen duela IMHren “kalitatezko eskaintza” esanez amaitu du inaugurazio ekitaldia Garitanok.