Bortxaketa salaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza

elgoibarren.net 2012ko ira. 24a, 10:18

Ertzaintza ustezko bortxaketa kasu bat ikertzen ari da. Eibarko Ertzain Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, zapatuan Elgoibarren izan zen ustezko bortxaketa kasua eta tartean adingabeak daudela zehaztu du. Horren harira, Elgoibarko Emakumeen Asanbladak elkarretaratzera deitu du gaurko, 20:00etan, Kalegoen plazan.

 Salaketa jarrita dagoela baieztatu dute Eibarko Ertzain Etxeko iturriek, eta kasua "zabalik" dagoela baino ez dute jakinarazi.
Elgoibarko Udalaren adierazpena
 Salaketaren harira, Elgoibarko Udalak honako adierazpena egin du:
 Aurreko larunbatean, hilak 22, Elgoibarko udalerrian gertatu zen ustezko sexu-erasoa tarteko neska adingabe batek jarri zuen salaketaren harira, Elgoibarko Udalak, Ertzaintza ikertzen ari den gertakariei buruzko baloraziorik egin gabe, eta betiere, jarrera zuhurra izanik, ondorengoa adierazi nahi du:
  • Udalak babes osoa eskaintzen die, bai neska adingabeari, bai haren familiari, une latz hauek gainditzen laguntzeko. Ildo horretatik, esan, dagoeneko abian jarri direla kasu hauei arreta egiteko dauden protokoloak.
  • Udalak herritarrei eskatzen die, ez diezaietela jaramonik egin herrian zabaldu diren zurrumurruei, eta itxaron dezatela gertakariei buruzko bertsio ofiziala izan arte.
  • Udalak sare sozialak zentzuz erabiltzeko eskatzen du; izan ere kontrolik gabeko kalte konponezinak sor diezazkiekete pertsonei.
 Azkenik, Alkatetzak dei egiten du emakumeen aurkako eraso guztiak gaitzesteko eta mota honetako erasoen aurkako protesta ekitaldiekin bat egiteko. Era berean, hitz ematen du tankera honetako jarrerei aurre hartzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak bultzatzen jarraituko duela.

Elgoibarren, 2012ko irailaren 24an
Alkatea,
Iz.: Alfredo Etxeberria Murua.