Zine komertzialetik haratago…

Leire Urkidi 2012ko ira. 24a, 10:42

Irailaren 21, ostirala
Donostiako Zinemaldiko 60. edizioa bertatik bertara jarraitu nahi dugu blog honen bidez. Seiaren atzean zeroa izateak berezi egiten du aurtengo edizioa.

 
  Bost Donostia sari emango dira: Tommy Lee Jones, Ewan Mc Gregor, John Travolta, Oliver Stone eta Dustin Hoffman. Horrez gain, izar gehiago espero dira eta esaterako Richard Gere eta Susan Sarandon dagoeneko hemen dira. Atzo, osteguna, zinemaldi bezperan, Maria Cristina hoteleko atean ohiko argazkia hartzeko aukera izan nuen. Jendea izarren zain. Argi dago jendeak aktore eta aktoresa handiak ikusi nahi dituela.

1706638074856 Zine komertzialetik haratago…

1706638074964 Zine komertzialetik haratago…

 Batzuek, glamourra eskatzen diote zinemaldiari, beste batzuek, aldiz, kalitatezko filmak eskatzen dizkiogu. Aurten bata zein bestea izango direla dirudi. Ikusi nahi dudana aukeratzea inoiz baino zailagoa izan da, ea asmatzen dudan! Sail ofizialean Bahman Ghobadi zuzendari iraniarraren (Fasle Kargadan), Carlos Sorín argentinarraren (Días de pesca), Laurent Cantet (Foxfire) eta François Ozon (Dans la maison) frantsesen lanak izango dira ikusgai. Nik aukeran zinemaldia bukatuta ikustea zailagoak direnak nahiago, baina ezin ahaz dezakegu zine akademia espainiarrak Oscarretarako aukeratuetako hiru filmetatik bi, Pablo Bergerren “Edurnezuri” mutua eta Fernando Truebaren El artista y la modelo filmak ere sail honetan daudela. Printzipioz Jose Luis Rebordinosen taldeak zine akademiarekin bat egin du. Ez du itxura txarrik zinemaldiko sail garrantzitsuenak!

 Zabaltegi Perlak atalean, beste zinemaldietan sariak jaso dituzten lanak biltzen dituen atal honetan, Michael Hanekeren Amour ikusteko aukera izango da gaur. La cinta blanca bere aurreko lanak 57.edizoan ikusmin izugarria sortu zuen, honi ere harrera ona aurreikus diezaiokegu Cannesen urrezko palmorria eskuratu baitzuen. Horrez gain, Bernardo Bertolucciren (Io e te) eta Ken Loachen (The Angels’ Share) azken lanak izango dira ikusgai. Zabaltegi berezien artean 7 días en la Habana ikusi nahi dut. Filmean zazpi zuzendarik hiriari buruzko zazpi istorio kontatu dituzte, tartean daude Julio Medem, Pablo Trapero eta Benicio del Toro. Habanara bidaia hau erakargarria egiten zait!

 Zinemira, euskal zinearen atalak Bertha Gaztelumendiren estreinako filma dakarkigu. Tximeletak burdinaren erdian dokumentalak Euskadin bakearen aldeko apustua egin duten emakumeen ahotsak bildu ditu. Lan hau ikustera gerturatzeko asmoa dut eta zine brasildarrari eskainitako zikloari ere kuku egin nahi diot. Film asko eta egun gutxi!

 Zineari eskainitako tarte honetan, ni busti naiz, nire apustua egin dut. Zuek zer diozue? Guztion iritziak ongi hartuak izango dira!
Zinemaldiarekin urteroko zita berezia da niretzat, ilusioz espero dut beti! Has dadila 60.edizioa!