Biharko greban parte hartzeko deia egin du Elgoibarko Greba Batzordeak

elgoibarren.net 2012ko ira. 25a, 13:27

Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egitea “denon ardura” dela adierazi dute Elgoibarko Greba Batzordeko kideek. Hori dela-eta biharko (irailak 26) iragarrita dagoen greba orokorrean parte hartzera animatu nahi dituzte elgoibartarrak. Joan zen astean hasi zituzten mobilizazioak herriko kaleetan egin zuten manifestazio zaratatsuarekin (ondoko argazkian), baina gaurko eta biharko ere prestatu dituzte ekintzak.

  Hala, manifestazioa egingo dute gaur (irailak 25). San Frantzisko iturri paretik irtengo dira manifestariak 19:00etan. Gauean, berriz, kotxe karabana egingo dute. Guass dantzalekua egon zen aparkalekutik abiatuko da kotxe karabana, 21:00etan.

 Greba egunerako ere iragarri dituzte mobilizazioak. Hasteko, 9:00etan, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan barrena. Kalegoen plazatik abiatuko dira. Ondoren, 11:00etan, berriz batuko dira plazan, autobusez Donostiara joateko. Euskal Herrian murrizketarik ez! lelopean manifestazioa egingo dute-eta Gipuzkoako hiriburuan, 11:45etik aurrera (ikus greba orokorreko mobilizazioen ordutegiak LAB sindikatuaren webgunean)

 Arratsalderako beste manifestazio bat ere egingo dute Elgoibarren. Greba Batzordeak jakinarazitakoaren arabera, 18:00etan hasiko da Kalegoen plazatik.
Eskualdeko izaera izango duen manifestazioa ere egingo da Eibarren. 18.00etan hasiko da, Untzagan.

 Greba orokorra ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek, eta hainbat eragile sozialek deitu dute eguazten honetarako.