Agur, aurtengoz, auzoetako jaiei

elgoibarren.net 2012ko urr. 2a, 14:34

Errosario kaleko jaiak eguaztenean hasiko badira ere, Aiastiako San Migel jaiekin amaitu dira, aurtengoz, auzoetako jaiak. Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, giro onean joan dira sanmigelak (demetako emaitzak dauzka)


  Ohi duten legez, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan dute Aiastiako auzotarrek eta auzora hurbildutako lagunek joan den asteburuan ospatu dituzten San Migel jaietan. Prestatutako ekintzen artean, baina, kirol lehiak nabarmendu dira.
  San Migeleko XII. Artzain Txakur Txapelketa jokatu zen zapatuan, San Migel Egunean. Zortzi artzain eta zortzi txakur lehiatu ziren Euskal Herriko arraza libreko txapelketaren finalean eta Pello Pagadizabal eta Lan txakurra izan ziren agindutako lanak egiten bizkorrenak. Aiastian lortzen duen bigarren txapela da honakoa Aiako artzainarentzat, orain urte batzuk ere garaipena eskuratu zuen-eta. Aizarnazabalgo Manuel Gorriti eta Nere txakurra eta Jose Ramon Orbegozo eta Alai sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Auzoko artzainak, Jose Antonio Arrillagak, ez zuen aurtengo txapelketan parte hartu.
Bizkaiko eta Larrain dantzak
  Txakur eta artzainek Haritz dantza taldearen ikuskizunari egin zioten lekua gauean. Borja Uzuriagaren oroimenez eskainitako dantza saioan Bizkaiko dantzak eta Larrain dantzak ikusteko aukera izan zuten Murkaikupe frontoian batutakoek (Ikus hemen dantza taldekoek sarean jarri dituzten argazkiak). Elustondo anai-arreben erromeriak girotu zuen zapatuko gaua eta goizaldeko 1:00ak aldean hasi zen Bolo txapelketa. Antonio Ibarluzea markinarra izan zen bolaririk trebeena eta Javier Osoro elgoibartarra bigarrena.
Lariz nagusi Aiastiako aldapetan
 Domekan, bestalde, San Migelgo VI. Igoera jokatu zen. 26 lagun abiatu ziren korrika Kalegoen plazatik eta Iñigo Lariz ailegatu zen lehen postuan Murkaikupe frontoian jarri zuten helmugaraino. Larizek hemeretzi minutu eta 49 segundo behar izan zituen bost kilometro inguruko ibilbidea osatzeko. Jorge Gonzalez (21:26) eta Igor Fernandez (21:35) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan. Emakume bakarrak parte hartu zuen, Pilar De La Lamak, hain zuzen ere.
Isidro erretegiko idiak nagusi
  Domeka arratsaldean jokatu ziren idi demetan Azkoitiko Isidro Erretegiak aurkeztutako idi parea izan zen irabazlea. 49 plaza osatu zituzten eta eurentzat izan ziren lehen postuak saritzat zituen 900 euroak, garaikurrak eta mantak. Orioko Olidenen idi parea sailkatu zen bigarren postuan, 47 plaza, zinta bat eta 3,18 metrorekin eta, azkenik, Ziortza-Bolibarko Zubibarriren idiek, 40 plaza, zinta bat eta 4,46 metro osatu zituzten Aiastiako probalekuan.

Zekorraren zozketa
  Auzotarrek jaien barruan egin duten zekorraren zozketan, bestalde, 0413 zenbakia izan da saritua. Zenbaki hori daukanak hamabost eguneko epea dauka saria jasotzeko: txekorra bera edo txekorraren balioa dirutan (1.300 euro). Ordezko zenbakia: 5543