Joan den domekan Zanbranan (Araba) jokatutako txapelketan 11 eper harrapatu zituzten Egañak eta Solek, bigarren sailkatuak baino sei eper gehiago, alegia. Orain hurrengo, iaz lortutako txapela defendatu beharko du ehiztari elgoibartarrak, azaroaren 18an, Zanbranan jokatuko den Euskadiko ehiza xeheko txapelketan.
Iaz hasitako bidetik, denboraldi aparta egiten dihardute Egañak eta Solek. Duela bi urte hasi zen txakur horrekin ehiza lehiaketetan parte hartzen eta, harrezkero, ezin hobeak izan dira emaitzak.
Aurten, Elgoibarko ehiza xeheko txapelketa irabazi ostean, bailarakoa jokatzeko sailkatu ziren lehenik. Han, Debabarrenako ehiztarien aurrean, finegi ibili ez ziren arren, hirugarren postuan sailkatzea lortu zuten. Gauzak horrela, iaz lortutako hirugarren postua hobetzeko asmoarekin aurkeztu zen Egaña Ehiza Xeheko Gipuzkoako Txapelketara. Joan zen domekan jokatu zen Zanbranan. Ehiztari elgoibartarrarekin batera Gipuzkoako 25 ehiztari onenek hartu zuten parte lehian, eta, Egaña eta Solen nagusitasuna erabatekoa izan zen. "Sekulako" ehiza eguna eduki zutela adierazi du lehenago harrijasotzen aritutako ehiztariak. "Ez da ohikoa horrelako lehia batean 11 eper harrapatzea. Nire ehiza egunik onena izan zen, duda barik". Iaz, Euskadiko txapela lortu zuenean, bederatzi eper harrapatu zituela gogora ekarri du La Union elkarteko kideak.