Igoera bertikalen zirkuitua irabazi du Iñigo Larizek

elgoibarren.net 2012ko urr. 8a, 13:56

 
Euskal Herriko Igoera Bertikalen zirkuituko laugarren eta azken proba, Anboto Bertikala, jokatu zen zapatuan. Iñigo Lariz bosgarren postuan ailegatu zen Anbotoko tontorrera, baina aurreko hiru probetan lortutako postuei eta puntuei esker, Igoera Bertikalen zirkuitua irabaztea lortu du kirolari elgoibartarrak.

 


 Euskal Herriko Igoera Bertikalen zirkuituko txapela lortzea urte osoan egindako “ahaleginaren saria” izan dela adierazi du Iñigo Larizek. Euskal Herriko mendi pikoenetako lautan jokatu dituzte lasterketa bertikalen zirkuitua osatu duten probak, eta horietan lortutako hiru emaitzarik onenak hartzen dira kontuan azken sailkapena osatzeko.

1706638036193 Igoera bertikalen zirkuitua irabazi du Iñigo Larizek

Lehen bi probetan, Azpeitiko Zuzenien eta Txindokiko kilometro bertikalean, bigarren postuak eskuratu zituen Larizek. Martxoaren 4an jokatu zen lehena eta ekainaren 17an bigarrena. Udako etenaren ostean jokatu zen Uharte Arakil-Beriango Kilometro Bertikala, joan den irailaren 23an. Laugarren postuan sailkatu zen Lariz (ondoko argazkian).
  Zirkuituko azken proba jokatu zen, joan den zapatuan, Urkiolako parke naturalean. Hobeto egiteko itxaropena zuen arren, lasterketa “txarra” irten zitzaiola aitortu du Larizek eta bosgarren postuan sailkatu zen. Aritz Egea izan zen azkarrena, 40:21 denborarekin, Oier Ariznabarretaren eta Arkaitz Zamakonaren aurretik. (ikus sailkapen osoa)
 Honenbestez, lehen hiru probetan batutako 248 puntuei esker irabazi du txapela Larizek. 300 euro, txapela eta garaikurrak jaso zituen saritzat.
Urte guztiko erregulartasunari saria
 Mendi lasterketetan diharduten izen handiko korrikalariekin lehian ibili da elgoibartarra, baina, argitu duenez, proba batean edo bestean hartu izan dute parte horiek, eta gutxik osatu dituzte lau probak. Halere, urte guztian erakutsi duen erregulartasunari ematen dio balioa. Honela azaldu du: “Zirkuituko lau probetako batean parte hartzeko prestatzea erraz samarra da, baina martxoan lehenik, ekainean gero eta irail eta urrian, azkenik, sasoiko egotea zailagoa da. Eski denboraldia bukatu nuenean mendi lasterketa denboraldiko proba batean edo bestean parte hartzea zen nire hasierako asmoa, baina nik neuk ere ez nuen uste horren sasoi puntu onarekin ibiliko nintzenik, eta are zailagoa dena, urte guztian mantendu dut sasoia”. Urte berean Euskadiko eski Kopako bigarren postua eta igoera bertikalen zirkuitua irabazi ditu antxintxikari nekaezinak.