Landutako garaipena lortu zuen Concepto Egilek denboraldiko lehen partidan

elgoibarren.net 2012ko urr. 9a, 08:41


Areto futboleko Concepto Egile taldeak 3-1 irabazi zion Zaragozako Confort Colo Colo taldeari, Olaizaga kiroldegian jokatu zuten denboraldiko lehen partidan.

1706638035721 Landutako garaipena lortu zuen Concepto Egilek denboraldiko lehen partidan

Aurre denboraldi aparta egin ostean –oraindik ez dute porrotik ezagutu-, Concepto Egile taldeak indartsu hasi du Bigarren mailako liga txapelketa. Comfort Colo Colo taldearen aurka jokatu zuten lehen partida, joan den zapatuan, eta landutako garaipena izan bazen ere etxean geratu ziren jokoan zeuden puntuak.
 Bizi hasi zen partidua eta bi taldeek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko aukerak. Partidako lehen gola ere halaxe iritsi zen. Etxekoek gol aukera garbi bat huts egin ostean iritsi zen-eta zaragozarren lehen gola. Atsedenaldira arte mantendu zuten errenta. Bigarren zatian garaipenaren bila jo zuten Conceptokoek eta lehen minutuetan errenkadan izan zituzten gol aukerak. Colo Coloko atezainak jaurtiketa guztiak geratu zituen. Baloiaren jabetza handiagoa izan arren etxekoen gola ez zela ailegatuko zirudien.

Kiroltasun handiko jokaldia
  Gauzak horrela, partidua amaitzeko 11 minuturen faltan kiroltasun handiko jokaldi bat ikusteko aukera izan zuten kiroldegian batutakoek. Raul Nietok area barrutik eginiko jaurtiketa bortitzak aurkari baten aurpegian jo zuen bete betean eta aldaratutako baloia sare barrura botatzeko aukera bazuen ere, nahiago izan zuen baloia kanpora bota lurrean zegoen Zaragozako jokalaria artatu zezaten. Aurkako taldeak eta harmailetan batutako ikusleek txalotu egin zuten Nietoren jokabidea, ez baita oso ohikoa.
Jokaldi horren ostean partida mendean hartzen hasi ziren etxekoak eta Xabi, David Garrido eta Ivanen golei esker, garaipena lortu zuen Concepto Egilek.

Hurrengo partidua Guadalajaran
  Siguenza F.S. taldearen aurka jokatuko du Concepto Egilek denboraldiko bigarren partidua, urriaren 13an, Guadalajaran.
 
*Goiko bideoan ikus dezakezue Concepto Egile eta Colo Colo taldeen arteko partiduaren laburpena. Egilea: Juananpromo.