Tradizioa eta festa bat eginik Errosario kalean

elgoibarren.net 2012ko urr. 9a, 15:50

Duela 500 urteko tradizio batekin, Haritz dantza taldeak 2009an berreskuratu zuen ezpata dantzarekin, amaitu ziren Errosario kaleko jaiak, domekan (ondoko bideoan). Alabaina, ekintzaz beteriko jaiak antolatu dituzte Errosario kaleko jai batzordeko kideek. Ezpata dantzarekin batera Mikel Goñi buru zuen pilota jaialdiak ikusmin handia piztu du herritarrengan. Kalegoen plazako frontoiraren bueltan jende ugari batu zen Oronozko pilotari ezagunaren jokoa eta imintzioak, bertatik bertara, ikusteko. (argazkiak dauzka)

  Barixakuan Kiribil barraskiloak eta Mauxitxa txarangaren kalejirak jarri zuten giroa Errosario kalean eta Munduko III. Igel-toka jaurtiketa txapelketak ere parte hartze handia izan zuen. Sigma aldera joan zen txapela, Ruiz izan zen-eta jaurtitzailerik trebeena. Zuriñe Conde eta Alfredo Perez sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

•Mikel Goñiren gantxo mediatikoa
  Errosario kaleko jai batzordeak eta Lagunak pilota eskolak antolatu zuten pilota jaialdiak jende asko erakarri zuen, zapatuan, Kalegoen plazako frontoira. Argi geratu zen frontoietara jendetza erakartzen duela Goñik oraindik ere. Jaialdiko partida nagusiaren aurretik, baina, pala partiduaz gozatzeko aukera izan zuten ikusleek. Beitiak eta Berguak 25 eta 23 hartu zituzten mendean Gallas eta Leiaristi, gomazko pilotarekin jokatu zen norgehiagokan. Partida estelarrean, Mikel Goñik eta Arrastoak 25-20 irabazi zieten Txaferi eta Escuderori. Garfe enpresan dihardu gaur Egun Mikel Goñik eta asteburu gehienetan jokatzen ditu partidak han eta hemen. Lehen bezala, frontoiak betetzen ditu orain ere, erakargarri bilakatzen baititu kartelak. (Irakurri hemen: Goñik Gaztezulo aldizkariari eskaini zion elkarrizketa)
  Pilota jaialdiaren ostean, hainbat herritarrek hart zuten parte Errosario kaleko jaietako ekintzarik hunkigarrienean, Errosarioko Ama Birjinaren irudipean Salbea abestea, alegia. 

Erosketa txekeen zozketa
  Errosario kaleko dendetan gastatzeko erosketa baleen zozketan 1817 zenbakia izan da saritua. Ordezko zenbakia 0859a da. Saria jasotzeko azaroaren 9ra arteko epe muga du saritutako zenbakiaren jabeak.
Hona hemen 2012ko Errosario jaiak, irudietan: